Batzordeak, EBko estatu-laguntzei buruzko arauetan oinarrituta, 81 milioi euroko Espainiako neurri bat onartu du, Diamond Foundry Europe erakundeari laguntzeko Trujillon maila erdieroaleko diamante sintetikoak gordinean ekoizteko lantegi berri bat sortzeko. Neurria lagungarria izanen da EBk enplegua sortzeari, eskualdeak garatzeari eta eskualde-ekonomiaren trantsizio ekologikoari buruz dituen helburu estrategikoak lortzeko.
Diamond Foundry Europe erakundeari Trujillon (Extremadura) lantegi berri bat jartzen laguntzeko planen berri eman zion Espainiak Batzordeari.
Diamante sintetikozko olatak ekoitziko dira enpresan, gordinean, enpresaren plasma-erreaktore bidezko teknologia erabiliz. Diamante sintetikoak erabil daitezke gaur egun erdieroaleen industrian erabiltzen diren baliabide batzuen ordez (adibidez, silizioaren ordez). Proiektuak funtsezko sektoreen —5G sareak, ibilgailu elektrikoak, etab.— eskaerari erantzun nahi dio.
Neurriari jarraikiz, 81 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza gisa emanen da laguntza. 675 milioi euro inguruko inbertsioa eginen dela zenbatesten da.
Karbono-emisioen aldetik neutroa izateko diseinatu da lantegi berria, eguzki-instalazio fotovoltaiko batek ekoitzitako energia guztiz berriztagarriarekin funtzionatzen baitu. Instalazioak urtean gutxi gorabehera 4-5 milioi kilate ekoizteko ahalmena izatea espero da. Zuzeneko 300 lanpostu inguru sortuko ditu proiektuak, bai eta zeharkako beste enplegu batzuk ere.
Lantegi berria Extremaduran izanen da, zeinak eskualde-laguntzak jaso baititzake, EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren a) letrari jarraikiz.