Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak lideratutako LIFE NAdapta proiektuak nekazaritzaren sektorearen berrikuntza eta egokitzea sustatzen ditu laboreak kudeatzeko estrategien bidez
Abenduaren 5ean, Lurzoruaren Munduko Egunean, berriz ere hausnartzen da baliabide natural hori babesteko eta egokiro kudeatzeko garrantziaren inguruan, eragina baitu gizakion ongizatearen alderdi funtsezkoetan, eta klima-aldaketaren errealitatera egokitu behar delako. Nafarroako Gobernuak eta INTIA sozietate publikoak, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak lideratzen duen LIFE NAdapta proiektu europarraren bitartez, askotariko estrategiak sustatzen dituzte lurzoruaren kudeaketa jasangarria egiteko eta nekazaritzako sistemek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia hobetzeko.
Hala, Foru Komunitateak nekazaritzako saioen sare bat du labore estentsiboetan lurzoruak kudeatzeko askotariko estrategiak sustatzearen inguruan, eta horien artean nabarmentzen dira kontserbazioko nekazaritza, laboreak txandakatzea eta larreak hobetzea, bai eta Ilundain eta Aratzuriko finketan epe luzeko saioetan hautemandako zuzenketa organikoak ere, beste batzuen artean.
Klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektua esparru horretan ari da lanean, INTIA eta NILSA sozietate publikoekin batera, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) ere tartean da . Horrela, lurzoruak, haien materia organikoa eta laboreak kudeatzeko plan bat sustatzen da nekazal sistemak klima-aldaketara egokitzeko. Horrez gain, lanaren ikuspegia zabaldu nahi da osasun bakarraren kontzepturantz (One Health), kontuan hartuta animalien, gizakion eta ekosistemen osasuna elkarrekin lotuta daudela.