Europako Batzordeak kontsulta publiko bat jarri du abian. Kontsulta horretan, interesa duten alderdi guztiak bultzatzen ditu beren oharrak aurkez ditzaten estatuek aireportuei eta hegazkin konpainiei ematen dizkieten laguntzei buruzko 2014ko gidalerroen («Hegazkintzako Gidalerroak») berrikuspen espezifikorako proposamen bati buruz. Alderdi interesdunek 2025eko martxoaren 5era arte erantzuten ahalko diote kontsultari.
Hegazkintzako Gidalerroek orientabide espezifikoak eskaintzen dituzte laguntza kontzeptuari buruz eta hegazkintzaren sektoreko estatu laguntzak merkatu bakarrarekin bateragarriak izateko baldintzei buruz.
COVID-19aren pandemiaren eraginari aurre egiteko, Hegazkintzako Gidalerroak 2023ko uztailean aldatu ziren, eta 10 urteko hasierako trantsizio aldia luzatu zen, eskualdeetako aireportu guztiei funtzionamendu laguntzak emateko beste 3 urtez, 2024ko apiriletik (hasieran laguntzak amaitzeko aurreikusitako data) 2027ko apirilera arte.
Hegazkintzaren sektorearen bilakaera, funtzionamendu laguntzei buruzko xedapenen 2023ko luzapena eta estatu laguntzak egokitzeko 2020ko kontrolaren emaitzak kontuan hartuta, Batzordeak aurreikusi du hegazkintzari buruzko gidalerroak berrikustea. Horretarako, gaur egindako kontsulta publikoak galdetegi baten forma hartzen du, alderdi interesdunek eta, oro har, herritarrek berrikuspen prozesuan parte hartzeko eta haien ahotsa entzunarazteko. Horrek, azken batean, Batzordeari lagunduko dio behar diren aldaketak zehazten eta arau berriak hobeki diseinatzen. Batzordeak 2024ko abuztuan proben deialdi bat argitaratu zuen, berrikuspena hasteko.
Alderdi interesdunek 2025eko martxoaren 5era arte aurkezten ahalko dituzte galdetegiaren erantzunak.