Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) “Pirinioez Gaindiko Gazteen Ibilbide Orria (2024-2030)” onetsi du Tolosan (Frantzia), elkartea osatzen duten eskualdeek bakearen, elkartasunaren eta justizia sozialaren alde duten konpromisoa ere nabarmentzen duen adierazpen baten barruan. Osoko bilkuran, bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualdek defendatu du garrantzitsua dela “Pirinioetako eremuko belaunaldi-erreleboa gizarte- eta lurralde-kohesioaren ikuspegitik, bai eta hizkuntza-aniztasunaren aldeko konpromiso berezi bat ere, eskualdeetako hizkuntzak, besteak beste euskara, babestearen, sustatzearen eta zabaltzearen bidez”.
Nafarroak 2025aren bukaeran hartuko du bere gain erakunde horren lehendakaritza. Pirinioen inguruko sei eskualde eta estatu bat biltzen ditu, eta bide luzea egina du jada belaunaldi-erreleboa bultzatzen Pirinioetako eremuari eragiten dioten zenbait sektoretan, despopulazioaren fenomenoak mehatxatzen baitu eremua. Besteak beste, INTIA programa (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikitako erakundea), nekazaritzako eta abeltzaintzako profesionalen eremuan; eta beste bat merkataritza txikiari buruzkoa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren eskutik, Nafarroako Gobernuak funtsezko sektore horretara bideratutako beste ekimen batzuen artean.
Gobernuaren aldetik, Ana Ollo (bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria), Sergio Pérez (Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia) eta Iñaki Martínez de Virgala (Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria) izan dira Nafarroaren ordezkari. Gizarte-arlotik, Antonio Esténozek, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteko (ANEL) zuzendari nagusi eta JEUNESS eta ETESS proiektuetako taldeburuak, parte hartu du “Gazteria, Pirinioetarako funtsezko gaia” izeneko mahai-inguruan.
Foru Gobernuaren Kanpo Ekintzako Planak (2021-2024) bere egin ditu PLEren helburuak. Pirinioetan lankidetza sustatzeko tresna nagusietako bat Europako funtsen programa Interreg Poctefada, zeinak guztira 240 milioi euro baino gehiago baititu 2021-2027 aldirako. Lehenbiziko deialdia 2024aren bukaeran ebatzi zen, eta Nafarroako parte-hartzea zuten 35 proiektuk lortu zuten Europako finantzaketa.