Pirinioetako Lan Elkarteak urtero antolatzen du bere zazpi lurraldeetako presidenteen bilera: Osoko Kontseilua. Bilera horretan, CTPren ildo estrategikoak eta politikoak adosten dira, Batzorde Betearazleak egindako proposamenetan oinarrituta. Adostutakoa Lehendakarien adierazpen komuna izeneko dokumentuan jasotzen da, zeina ekitaldian sinatzen baita. Webgune honetan kontsultatzen ahalko da.
2024ko osoko kontseiluan, Okzitaniak CTPren lehenbiziko lehendakaritza-urtean egindako ekintzen balantzea aurkeztuko du, eta arreta berezia eskainiko zaio CTPrentzat interes handia duen gai bati: gazteriari. Hala, lurraldeko zenbait gaztek Pirinioez gaindiko Gazteriaren Ibilbide-orria aurkeztuko dute; Pirinioetako gazte-politikei buruzko dokumentu estrategikoa, alegia. Hain zuzen, gazte horiek parte hartu dute Pirinioez gaindiko Gazteriaren Foroan, Osoko Kontseilua egin baino egun batzuk lehenago. Mahai-inguru bat ere antolatuko da, “Gazteria, funtsezko gaia Pirinio guztietan” izenburupean. Bertan parte hartuko dute gazteriarekin zerikusia duten mugaz gaindiko proiektuetako ordezkariek.
Ondotik, zatirik formalena hasiko da, eta CTPko zazpi lurraldeetako ordezkari politikoek parte hartuko dute.
CTPko 42. Osoko Kontseiluaren zati horretan, urtero bezala, CTPko zazpi lurraldeetako ordezkariek berretsiko dute konpromisoa dutela mugaz gaindiko lankidetzan aritzeko, banakako esku-hartzeak eginez.