Argitaratu den Erasmus+ programaren 2023ko urteko txostenak etengabeko ikaskuntzari eta lankidetzari laguntzen programak izan dituen lorpenak aurkeztu ditu, arreta berezia jarrita gizarte-inklusioan, trantsizio ekologiko eta digitaletan eta EBko balioen sustapenean. Txostenak, halaber, azaltzen du Ukrainaren aurka Errusia egiten ari den eraso-gerraren ondorioei heltzeko proiektuak babestu dituela, bereziki ikaskuntzaren eremuan lankidetza indartzen jarraitzeko finantzaketaren bidez.
2023an 4.500 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan zuen —aurreko urtean baino % 12,5 gehiago— Erasmus+ programak, eta ia 32.000 proiektu babestu zituen, zeinetan 84.500 erakundek baino gehiagok parte hartu baitzuten. Programaren hezkuntza-mugikortasuneko ekintzek 1,3 milioi ikasle, irakasle, hezitzaile, gazte-animatzaile, kirol-entrenatzaile eta gazte baino gehiagori eman zizkieten aukerak.
1987an abian jarri zenetik 2023. Urtearen bukaera arte, 15,1 milioi pertsonari eman zien ikasteko, prestatzeko, lan egiteko eta atzerrian boluntariotza-jarduerak egiteko aukera Erasmus+ programak.
Inklusioari eta aniztasunari lehentasuna ematen dienez, Erasmus+ gero eta hobeki iristen da askotariko adin-taldeetako eta ingurune kultural, sozial eta ekonomikoetako pertsonengana. Eskuragarriagoa da erakunde txikientzat, eta inklusiboagoa aukera gutxien dituztenentzat; horregatik, programak orain kalitate handiagoa du, eta aurrera egin du guztiendako aukera-berdintasuna bermatzeari dagokionez. 2023an, Erasmus+ programako 200.000 parte-hartzaile baino gehiago aukera gutxiagoko pertsonak ziren, migratzaileak eta desgaitasuna duten pertsonak barne, baita urruneko eremuetan bizi diren edo zailtasun sozioekonomikoak dituzten EBko herritarrak ere.
Xehetasun gehiago kontsultatzen ahal dira prentsa-oharrean.