Europako Parlamentuak Komisarioen Elkargo berria onetsi du, zeina abenduaren 1ean hasiko baita jardunean. Estrasburgon egindako bozketa batean, Europako Parlamentuko kideek beren konfiantza eman zioten von der Leyen lehendakariak aurkeztutako talde berriari.
Europako Parlamentuaren Osoko Bilkuraren aurreko hitzaldian, von der Leyen lehendakariak taldea aurkeztu zuen, eta heldu diren bost urteetarako Europari buruz duen ikuspegia azaldu zuen.
Lehendakariak adierazi zuen askatasuna dela EBren funtsezko eragilea: «Askatasunaren alde borrokatzeak europar gisa batzen gaituelako. Gure iragana eta oraina. Gure nazioak eta gure belaunaldiak. Niretzat hori da gure batasunaren izateko arrazoia, eta gaur egun inoiz baino areago da haren motorra».
Oroitarazi zuen askatasuna landu eta babestu behar dela, eta horrek erabakiak hartzea eskatzen duela. Batzorde berriak aurkeztuko duen lehenbiziko ekimen handiaren barruan kokatuko dira aukera horiek: Lehiakortasunaren Iparrorratz bat.
«Iparrorratza Draghi txostenaren hiru zutabeetan oinarrituko da. Lehenbizikoa da Estatu Batuekiko eta Txinarekiko berrikuntza-arrakala ixtea. Bigarrena da deskarbonizazio- eta lehiakortasun-plan bateratu bat. Eta hirugarrena da segurtasuna areagotzea eta mendekotasunak murriztea», azaldu zuen lehendakariak.
Azpimarratu zuen Batzorde berria lehenbiziko egunetik lan egiteko irrikan eta prest dagoela, eta Elkargoko kide berrien esperientzia eta aniztasuna nabarmendu zituen; horien artean, Lehen Ministro ohiak, Ministro ohiak, alkate ohiak, tokiko funtzionarioak, zuzendari exekutiboak, enpresaburuak, kazetariak, nekazaritza- zein hiri-inguruneetakoak eta belaunaldi desberdinetakoak.
Bozketaren ondotik, prentsaurreko bat egin zuen Europako Parlamentuko lehendakari Roberta Metsolarekin. Hor, von der Leyen lehendakariak berarengan jarritako konfiantza eskertu zien eurodiputatuei, eta adierazi zuen konfiantza zuela heldu diren urteetako bi erakundeen arteko lankidetzan.
Halaber, agintaldi berriaren lehenbiziko hilabeteen zirriborroa egin zuen, lehenbiziko 100 egunetarako zazpi ekimen aurreikusita dituelarik: industria-akordio garbi bat, Europako defentsari buruzko liburu zuri bat, adimen artifizialeko fabrikei buruzko ekimen bat, osasun-azpiegituretarako zibersegurtasunari buruzko ekintza-plan bat, nekazaritzarako eta elikadurarako ikuspegi bat, hedapen-politika berrikustea eta, azkenik, gazte-politikari buruzko elkarrizketak, zeinak komisario bakoitzak antolatuko baititu, europarren hurrengo belaunaldiari ahots ozenagoa emateko.
Lehendakariak, azkenik, EBko erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu zuen: «Heldu diren bost urteetan, Europaren Batasuna erabat funtsezkoa izanen da. Inoiz ez dut behar adina errepikatuko […] Horregatik, lankidetza estuagoa behar dugu Batzordearen, Parlamentuaren eta Kontseiluaren artean. Elkartze hori behar eta merezi du Europak. Nire taldea eta ni erabat konprometituta gaude horrekin».