María Chivite Nafarroako lehendakariak Eskualdeetako Lantaldearen Bruselako osoko bilkuran parte hartu du, asteazken eta ostegunean. Osoko bilkuran, kohesio politikekin, eskualde lankidetzarekin edo erronka demografikoarekin lotutako hainbat puntutan hitz egin du, eta Europako kohesio politika deszentralizatua defendatu du. Politika horrek eskualdeekin lan egiten jarraitu behar du, hurbiltasuna eta eraginkortasuna handitzeko, eta eskualdeen arteko lankidetzatik eta maila anitzeko gobernantzatik abiatuta lan egin behar du, trantsizio digitala, berdea eta bidezkoa arrakastaz ezarri ahal izateko. Chivitek defendatu duenez, “Europako proiektua arrakastatsua izanen da, baldin eta batzen baditugu bidezko aurrerapen ekonomiko eta soziala, gizarte eta lurralde kohesioa, demokrazia eta trantsizio ekologikoa eta digitala”. Kohesio politiketarako aurrekontu nahikoa eskatu du, eta inoiz ez ahaztea pertsonen bizitza hobetzeko helburua.
Esparru horretan, aztertzen ari da nola baliatu kohesio politikaren potentzial osoa, aldaketa demografikoari aurre egiteko. Chivitek gogorarazi du Nafarroan estrategia espezifiko bat dagoela eta lege bat prestatzeko lanean ari direla, baina abian dauden jarduera arloak asko direla, adibidez, konektibitatearen hedapena, industria proiektuen deszentralizazioa, 0-3 urtekoen ziklo publikoaren doakotasuna, legeriaren landa ikuspegiari buruzko Interreg proiektua edo landa inguruneko Erasmus proiektua, baita toki erakundeen finantzaketaren hobekuntza ere.
Lehendakariak beste proiektu batzuen adibideak ere aipatu ditu, hala nola Alert, non Nafarroa beste eskualde batzuekin lankidetzan aritzen baita larrialdien arloan. Hain zuzen ere, osoko bilkuraren hasieran, GOIDIk Espainian eragindako biktimak ekarri dira gogora, eta kaltetutako autonomia erkidegoei buruzko adierazpen bat egin da. Esparru horretan, gogorarazi du Nafarroak bereziki lagunduko diola Valentziako Erkidegoari, Nafarroako gizarteak erakusten duen elkartasunetik, eta iragarri du hurrengo egunean Foruzaingoaren beste talde bat abiatuko dela erkidego horretarantz.
Osoko bilkurak, tragedia horri leku egiteaz gain, aurreikusita zuen puntu batean lantzea Europako Eskualdeetako Lantaldearen hogeita hamargarren urteurrena. Chivitek nabarmendu duenez, eskualdeek, hurbilen dauden administrazioak diren aldetik, hurbiltasunak ematen duen ezagutzatik eraginkortasunez kudeatzeko gaitasuna dute, eta, gainera, aliantzak sortuta, lankidetzako eta elkarlaneko eragileak dira. Nafarroa Agenda 2030en edo Itun Berdean jasotako jarduerak gauzatzen ari dela adierazi du, adibidez, mugikortasun jasangarriaren hedapena eta deskarbonizazio industrialerako eta autokontsumorako laguntza. Halaber, gogorarazi du, ekoitzitako energiari dagokionez, energia berriztagarria fosila baino handiagoa dela Foru Komunitatean.
Urteurren horren esparruan, ekitaldi instituzional espezifiko bat ere egin da, osoko bilkuraren lehen eguna amaitu ondoren, eta horretan ere parte hartu du Nafarroak.