‘European Hydrogen Week’ bisitatu du Bruselan, non 6 enpresa eta zentro teknologikok parte hartu baitute.
Nafarroan dagoeneko abian dira hidrogeno berdearekin lotutako bi proiektu. Lehenengoak Acciona Plug enpresak du buru, eta 25 MW-ko potentziako elektrolizagailu bat eraikitzea aurreikusten du, urtean 3.880 tona hidrogeno berde sortzeko. Horretarako, guztira 87 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.
Bigarrenari dagokionez, Nordex Electrolyzers enpresa Europaren intereseko proiektu garrantzitsu bat egiten ari da (IPCEI), teknologia propioa duten elektrolizagailuak (alkalinoa) garatzeko. Ezarpen horrek 70 milioi euroko inbertsio metatua izanen du 8 urtean, eta 150 enplegu zuzen sortuko ditu.
‘European Hydrogen Week’ azoka Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du, eta sektore horretako ekitaldi ospetsuenetako bat bihurtu da. Azokara mundu osoko 8.000 bisitari baino gehiago hurbildu omen dira.
Egun horietan, goi mailako hainbat hitzaldi egin dira. Bertan, bektore energetiko horren inguruko arau esparruak eztabaidatu dira, bai eta deskarbonizazioaren erronkei aurre egiteko eta EBren lehiakortasuna maila globalean hobetzeko modua ere. Gainera, networking ekitaldiak egiten dira hidrogeno berdearen balio kate osoko enpresen artean. Azokak 8.000 metro koadroko azalera izan du, eta erakusketariek beren proiektuak erakutsi dituzte.