Nafarroako Gobernuak 185.000 euroko dirulaguntza jaso du, garraioa deskarbonizatzeko helburua duen proiektu hori garatzeko.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak harrera egin dio, duela gutxi, ZCI proiektuko parte-hartzaileen ordezkaritza bati, eta Nafarroa eremu horretan egiten ari den jardunbide egokiak erakutsi dizkio. Besteak beste, honako hauek ezagutu ahal izan zituen: ibilgailuak kargatzeko ‘Navarra te recarga’ hiri plataforma, Iruñerriko Mankomunitateak mugikortasunaren arloan etorkizunean gauzatuko dituen planen aurkezpena eta Iruñeko bizikleten sistema publikoa. 9 parte-hartzaile 2 milioi euroko aurrekontua duen proiektu baten parte dira; zenbateko horretatik 185.000 euro Nafarroarako dira.

Bisitaldian Suediako, Finlandiako, Esloveniako, Bulgariako, Irlandako, Belgikako, Italiako eta Herbehereetako hogei bat pertsonak hartu dute parte; guztiak proiektuko kideak dira. Bisitaren lehen zatian lan jardunaldi bat antolatu zen. Bertan, esperientziak trukatu ziren eta deskarbonizazio politika publikoak hobetzeko lan planak azaldu ziren.

Bigarren zatian, bertaratuek Nafarroan mugikortasun elektrikoarekin lotuta garatzen ari diren jardunbide egokiak ezagutu ahal izan zituzten. Zehazki, ibilgailu elektrikoak kargatzeko ‘Navarra te recarga’ hiri plataformaren berri izan zuten. Plataforma horrek erabiltzaileek ibilgailu elektrikoak kargatzeari lotuta behar dituzten informazio eta zerbitzu guztiak eskaintzen ditu modu errazean. Gainera, aplikazio horrek aukera ematen die udalei beren karga puntuak kudeatzeko eta gertatzen ahal diren gorabeherak konpontzeko euskarri sistema bat izateko.

Bertaratuek “Ride On Iruña” bizikleta elektrikoen sistema ere ezagutu zuten. Bizikleta flota bakarra du, % 100 elektrikoa, eta 400 ibilgailu eta 42 karga geltoki baino gehiago ditu. Sistema horrek dagoeneko 75.000 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta –horietatik 48.000 aktibo–, eta urtean 5.000 kide berri baino gehiago hartzen ditu.

Amaitzeko, proiektuko kideek Iruñerriko Mankomunitateko garraio publikoko flota ezagutu zuten: 150 autobus dira, eta horietatik 32 elektrikoak dira. Gainera, Iruñerriko Mankomunitateak bere garraio eskema berrantolatzea planteatu du, BRT korridoreak gehitzeko (autobusen joan-etorri azkarra edo Bus Rapid Transit, ingelesez), eta pixkanaka autobus zaharkituen ordez elektrikoak erabiltzeko.

Europako proiektua

2023ko martxoan, Zero Carbon Infrastructure (ZCI) proiektua garatzen hasi zen, Interreg Europe programak finantzatutakoa. Lau urteko proiektuak asmo handiko helburu bat ezartzen du, Europa osoko zortzi hiri eta eskualderi laguntzeko.

Europako Itun Berdeak ezarritako garraioaren deskarbonizazio helburuak lortzeko, zortzi bazkide lankidetzan arituko dira eta konponbide praktikoak bilatu eta probatuko dituzte, aurrean dituzten erronkak gainditze aldera. Suediako Kronoberg konderriko administrazio batzarra izanen dute buru, eta Herbehereetako Hiri, Portu eta Garraio Ekonomiarako Erasmus Zentroak lagunduko die.

Proiektuaren barruan hainbat ekintza egiten ari dira, hala nola jardunbide egokiak identifikatzea eta partekatzea, agintari publikoak mugikortasun jasangarriaren arloan prestatzea eta azpiegitura eskaintzeko politika tresna garrantzitsuak hobetzea.

Lau urteko iraupena duen ZCI proiektuak 2.085.629 euroko aurrekontua du guztira, eta horietatik 1.650.049 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) datoz. ZCI proiektuaren partzuergoak proiektuko zortzi bazkide eta Europako bederatzi herrialdetarako bazkide aholkulari bat ditu; horien artean daude Suediako Kronoberg konderriko administrazio batzarra (bazkide nagusia), Finlandiako Kainuuko Eskualde Kontseilua, Esloveniako Kranj hiriko Business support center L.T.D., Bulgariako Burgas udalerria; Irlandako Corkeko Udala, Belgikako Malinas hiria, Italiako Parma hiria, Herbehereetako Hiri, Portu eta BV Garraiorako Erasmus Zentroa eta Nafarroako Gobernua bera, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

Informazio gehiago