Helmugako jasangarritasun turistikoaren hamasei planen bidez garatzen dira eta guztira 72 milioi euroko balioa dute
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaolak azpimarratu du gure komunitatean turismoaren esparruko Europako Next Generation funtsen betetze maila ona dela. Helmugen VIII. Mahaiaren hasierako ekitaldian esan du hori. Laneko jardunaldi tekniko horretan zenbait udalek, partzuergok eta Turismo Zuzendaritza Nagusiko langilek hilabetero partekatzen dute Europako Next Generation funtsak ezartzearen inguruan egin den lana.
Oraingo honetan, Industria eta Turismo Ministerioko ordezkari batzuek ere hartu dute parte jardunaldian, eta haien artean nabarmendu da Turismoko Estatuko Idazkaritzako Turismo Jasangarritasunaren eta Garapenaren zuzendariorde nagusi Ilona Shekyants. Honako hauek ere izan dira saioan: Turismoko zuzendari nagusi Ana Rivas, Iruñeko Mankomunitateko presidente David Campión eta Tragsa enpresako ordezkariak, laguntza teknikoa ematen baitio proiektuari..
Kontseilariaren hitzaldia
Jardunaldiaren hasieran, kontseilariak gogorarazi du Europako Next Generation funtsek 72 milioi euro inguruko inbertsioa dakartela gure komunitatean, eta horiekin Helmugako garapen turistikoaren hamasei plan egiten dira. Esan duenaren arabera, “Nafarroa osoan baliabide turistikoak dinamizatzea eta sustatzea dute helburu”.
Plan horiei gehitu behar zaizkie Turismo Zuzendaritza Nagusiaren ekimen propioak, helmugen arteko kohesio ekintza (ACD) deritzenak, Nafarroa landatarrean, Donejakue Bidean edota enogastronomian jartzen dutenak fokua, eta 17 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dute ekintzok.
Ildo horretatik, planen lurraldetasuna nabarmendu du, gaur egun “Nafarroa osoko ehun udalerri baino gehiagora iristen baitira helmugako jasangarritasun turistikoaren planen batean sartutako 300 proiekturen bitartez”.
Esnaolak azpimarratu du Next funts horien banaketan “lana ona” izan dela, “2024ko bukaerarako markatutako helburuak bete baitira”. Gaur egun, kontseilariak nabarmendu duenez, “bi milioi berrehun mila euro baino gehiago eman zaizkie jadanik 60 enpresa turistikori, eta zazpi miloi euro baino gehiago daude egikaritzeko bidean, sektore pribatuko inbertsiorako eta laguntzetarako”.
Lanerako jardunaldia
Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan izan da lanerako jardunaldia, Iruñeko Salestarren komentu ohian, hain zuzen, eta aukera eman die helmuga turistikoetako ordezkariei esperientziak azaltzeko eta trukatzeko.
Ordu bata eta erditatik aurrera, Ministerioko, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko zenbait langilek eta agintarik osatutako ordezkaritzak bisita egin du SAN Fermin Esperientziagunera. Arratsaldean, eta jardunaldia ixte aldera, proiektu konplexuetan parte hartzen duten helmuga turistikoek aukera izan dute haien zalantzak planteatzeko Tragsa enpresarekin izandako lan saio batean.