Europa osoan ikerketa koordinatua egin ondoren, Europako Batzordeak eta kontsumitzaileak babesteko agintaritza nazionalen Kontsumitzaileak Babesteko Lankidetzarako Sareak (CPC) Apple enpresari jakinarazi diote potentzialki debekatutako blokeo geografikoko zenbait jokabide hauteman dituela CPCak Appleren multimedia zerbitzu jakin batzuetan, hala nola App Store, Apple Arcade, Music, iTunes Store, Books eta Podcasts zerbitzuetan. Sareak Appleri eskatu dio jokabideak egokitu ditzala EBk blokeo geografikoaren aurka duen araudira.
CPCak mugaketa jakin batzuk detektatu ditu Appleren multimedia zerbitzuetan, zeinek, sareak egin duen ebaluazioaren arabera, Europako kontsumitzaileak diskriminatzen baitituzte bizi diren tokiaren arabera, mugaketak ezartzen baitzaizkie saretik sartzeari, ordaintzeko bideei eta edukiak deskargatzeari dagokienez.
Applek hilabeteko epea du orain CPC sareak atera dituen ondorioei erantzuteko eta soluzioak proposatzeko identifikatu diren blokeo geografikoko jokabideei heltze aldera. Applek ematen duen erantzunaren arabera, CPC sareak baloratuko du enpresarekin hitz egiterik duen ala ez. Applek ez badie erantzuten CPC sareak planteatu dituen kezkei, agintari nazionalek betearazte neurriak hartzen ahalko dituzte araudia betetzen dela bermatzeko. Horrek ez du galaraziko agintari nazionalek hasita dauden prozedura nazionalen baitan betearazte neurriak hartzeko duten ahalmena.