Adimen artifizialeko (AA) faktorietarako lehenengo zazpi proposamenak aurkeztu dira, EuroHPC Enpresa Komunaren esparruan, 2024ko irailean iragarritako deialdia kudeatzen baitu.

AAren faktoria horiek ekosistema europar oparoa sortuko dute, AAko eredu aurreratuak entrenatzeko eta AAko soluzioak garatzeko. EBko lehen kategoriako goi-errendimenduko informatikako (HPC) Europako superordenagailuen sarearen inguruan eraikiko dira, eta AA arrakastatsua izateko ezaugarri nagusiak izanen dituzte: gaitasun informatikoa, datuak eta talentua. AAren faktoriek nabarmenki areagotuko dute Europan AArako erabilgarri dagoen gaitasun informatikoa. Elkarren artean konektatuta egonen dira eta enpresa emergenteek, industriak eta AAren inguruko Europako ikertzaileek erabiltzen ahalko dituzte.

Guztira hamabost Estatu kidek eta bi Estatu parte hartzaile elkartuk zazpi proposamen aurkeztu dituzte, eta ekimen garrantzitsu horren inguruan dagoen interes handia frogatzen dute. Honako herrialde hauek aurkeztu zituzten proposamenak lehendik dagoen superordenagailu baten nahiz AAren beharretara egokitutako superordenagailu berri baten inguruan IA faktoria bat eraikitzeko: Finlandia (Txekia, Danimarka, Estonia, Norvegia eta Poloniarekin batera), Luxenburgo, Suedia, Alemania, Italia (Austria eta Esloveniarekin batera) eta Grezia. Horrez gain, Espainiak Portugalekin, Errumaniarekin eta Turkiarekin batera prestatu duen proposamen bat ere egotea espero da.

Orain adituen talde independente batek aurkeztu diren proposamenak ebaluatuko ditu. EuroHPC Enpresa Komunak aurreikusten du 2024ko abenduan emanen duela ezagutzera lehenengo AA faktorien hautapena, eta gero laster jarri nahi ditu abian.

Aurrez aipatutako proposamenez gain, Txiprek eta Esloveniak interesa agertu dute bat egiteko edota etorkizuneko fase batean AA faktoria bat sortzeko. Proposamenak aurkezteko hurrengo epea 2025eko otsailaren 1ean bukatuko da.

Europar Batasuna 2025eko hasieran lehenengo AA faktoriak sortzetik gertuago dago orain, Batzordeko presidente Ursula von der Leyen andreak orientazio politikoetan iragarri bezala.

Informazio gehiago