EBk 2022an ekoitzitako ondasun eta zerbitzuek 31.674 mila milioi euroko balioa izan zuten; aldiz, EBtik kanpoko inportazioak (EB barneko salerosketak kenduta) 3.106 mila milioi euroan balioetsi ziren.

Ondasun eta zerbitzu horien ia erdiak (% 48,7) bitarteko kontsumorako erabili ziren; hau da, beste produktu batzuk fabrikatzeko. Beste ehuneko nabarmen bat (% 31,2) azken kontsumora bideratu zen, normalean etxeetan edo sektore publikoan kontsumitzeko. Eskaintzaren hamarren bat-edo (% 10,6) kapital eraketa gordinera bideratu zen, batez ere inbertsiora, eta EBko eskaintza osoaren gainerako % 9,5a produktuen esportazioekin lotuta egon zen (3.291.000 milioi euroko balioa izan zuten).

Erabilera-ehuneko horiek nagusiki egonkor mantendu ziren 2010etik 2022ra bitartean. Bitarteko kontsumoa 2016an iritsi zen punturik baxuenera, eta gero berriz 2020an, orduan behea jo baitzuen haren kuotak guztizko horniduran (% 46,3). Hala ere, 2020tik aurrera goranzko joera batean hasi, eta 2022an % 48,7an bukatu zen. Bestalde, azken kontsumoko gastuak eskaintza osoan hartu zuen portzentajeak 2010ean jo zuen goia (% 35,3), eta orduz geroztik etengabe jaitsi da, 2022an % 31,2ra iritsi arte.

Kapital eraketa gordinari eta esportazioei dagokienez, eskaintza osoan igo egin ziren haien ehunekoak: 2010ean % 9,8 eta % 7,8 ziren, hurrenez hurren, eta 2022an, berriz, % 10,6 eta % 9,5; aldi horren bukaeran gehieneko balioa izatera iritsi ziren.

COVID-19aren eragina ekonomian

Eskaintza eta erabilera taulak tresna baliotsuak izaten ahal dira gertaerek ekonomian zer eragin duten aztertzeko. Zehazki, 2019ko eta 2020ko datuak 2019ko prezioetan alderatzen baditugu, agerian geratzen da zer-nolako inpaktua izan zuen COVID-19ak kontsumitzaileen eskarian, kontsumitutako zerbitzuen bolumen aldaketei dagokienez. Horren erakusgarri on bat da ostalaritzako zerbitzuen eskaintza eta erabilera bolumena, bat-batean behera egin baitzuen 2019 eta 2020 artean.

Zerbitzu horien etxeko azken kontsumoa % 50 baino gehiago jaitsi zen Kroazian, Grezian eta Zipren; EBko herrialdeen artean, beherakada txikiena Suedian izan zen (–% 16), eta ondotik Errumania (–% 21), Finlandia (–% 22) eta Polonia (–% 23) datoz. Joera horri lotuta, murriztu egin ziren produkzio nazionala, bitarteko kontsumoa eta balio erantsia ostalaritzako zerbitzuen industrian.

Informazio gehiago