Irailean, ibaietako gurutzaontziak eta salgaiak garraiatzeko itsasontziak ikuskatu zituzten Austriak, Belgikak, Frantziak, Alemaniak, Herbehereek eta Portugalek, Europako Lan Agintaritzaren eta AQUAPOL itsasoko segurtasun indarren sarearen koordinazioarekin eta laguntzarekin. Hala, 78 ontzi eta 82 enpresa ikuskatu ziren, eta 330 langileri baino gehiagori egin zitzaien elkarrizketa. Gutxieneko soldatari, iraungitako bisei edo lanaldi luzeei buruzko arauak hausten zirela aurkitu zuten. Gutxienez 100 kasutan prozedura judizialak abiarazi ziren.

Austriak, Belgikak, Frantziak, Alemaniak, Herbehereek eta Portugalek ibaietako gurutzaontziak eta zamaontziak ikuskatu zituzten irailean. Europako Lan Agintaritzak (ELA) eta itsaso-ibaietako legeria aplikatzeko sareak (AQUAPOL) koordinatu eta lagundu zituzten ikuskapenak.

Hala, 78 ontzi eta 82 enpresa ikuskatu ziren, eta 330 langileri baino gehiagori egin zitzaien elkarrizketa. Arau-hauste susmagarrien artean, deklaratu gabeko lana zegoen, hau da, gizarte-babesik gabea, baita legez kanpoko kontratazioa ere, etorkinak kontratatzen baitziren, EBn beharrezkoak ziren lan baimenak edo bisak eduki gabe. Ikuskatzaileek beste arau-hauste batzuk ere aurkitu zituzten: gutxieneko soldataren arlokoak; lanaldi luzeegiak lanaldi eta atsedenaldiak oker erregistratzearen ondorioz; eta laneko eta itsasoko legeriaren beste arau-hauste batzuk. Prozedura judizialak abiarazi dira, eta gutxienez 100 kasutan gehiago ikertu behar dute parte hartzen duten estatu kideetako agintariek.

Mugaz gaindiko ekintza bateratu horretan, poliziaren, lanaren, aduanaren, garraioaren eta gizarte-segurantzaren arloko agintariek aldi berean ikuskatu zituzten Europako ibai nabigagarrietan zeuden gurutzaontziak: Danubio, Datteln-Hamm kanala, Duero, Dortmund-Ems kanala, Meno, Merwede, Elbaren Albo Kanala, Mittellandkanal, Rhin, eta Anberes, Amsterdam nahiz Lieja eskualdeetako bide nabigagarriak. ELAk baimena eman zuen agente eta ikuskatzaileek beste herrialde batzuetan jardun zezaten, mugaz gaindiko kontrol bateratuetan laguntzeko.

Herbehereetan itsasontzietako lan baldintzak ikuskatzen ari zirela, lan esplotazioko zantzuak aurkitu zituzten. Legea betearazteko ardura duten Herbehereetako agintariei (Polizia Nazionala, Rotterdamgo Portuko Polizia, Herbehereetako Lan Agintaritza eta Ingurumen eta Garraio Ikuskaritza), Belgika eta Alemaniako lan ikuskatzaileak batu zitzaizkien. Itsasontzietako nautikako, ostalaritzako eta jatetxeetako 55 langileren egoera aztertu zuten. Hamar langile legez kanpo ari zirela aurkitu zuten, eta berehala utzi behar izan zioten lan egiteari. Zenbait ontzitan, beste langile kualifikatu batzuk iritsi arte ezin nabigatzen jarraitzea ekarri zuen horrek. Bi enpresa eta enplegu agentzia bat ikerketapean daude, Herbehereetako gutxieneko soldataren, oporretako gutxieneko ordainsariaren eta lan orduen legeak hautsi dituzten argitzeko.

Ikuskapenen helburua zen laneko eta itsasoko arau-hauste larriei heltzea eta ontzietako langileak laneko arau-hausteetatik eta esplotaziotik babestea: besteak beste, lan eta bizi baldintza txarrak, deklaratu gabeko lana, ordainsari eskasak eta baimendutakoa baino lanaldi luzeagoak. Arau-hauste horiek ontziko segurtasunari ere eragiten diote, eta arriskuan jartzen ahal dute Europako ibai eta kanaletako bidaiarien eta ontzien segurtasuna.

Informazio gehiago