Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) Nafarroako irakasleen eta beste herrialde batzuetako irakasleen arteko nazioarteko truke ekimen handi batean murgilduta dago, ERASMUS+ programaren esparruan.

Erasmus+ proiektuaren barruan, NHEBZk aurreikusten du Nafarroako 90 irakaslek behaketa edo prestakuntza bidezko ikaskuntza jarduerak eginen dituztela Europako hainbat herrialdetan, ikasturte honetan. Era berean, Norvegiatik eta Belgikatik datozen 28 irakaslek Nafarroako ikastetxeak bisitatuko dituzte, gure hezkuntza sistema ezagutzeko.

NHEBZren ekimen horrek, herrialde desberdinetako hezkuntzako profesionalen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzea sustatzeaz gain, hezkuntza praktikak hobetzen eta Europako hezkuntza sistemak elkar aberasten laguntzen du.

Irakasle atzerritarren bisitak

Azaroaren 4tik 8ra bitartean, NHEBZk Kristiansundetik (Norvegia) zetozen haur hezkuntzako 6 irakasle hartu ditu. Irakasle horiek Mutiloako Irulegi ikastetxe publikoa eta Iruñeko San Frantzisko ikastetxea bisitatu dituzte.

Bestalde, azaroaren 11tik 15era bitartean, NHEBZk Belgikatik etorritako 22 irakasle hartuko ditu. Ordezkaritza hori DHOS Brugge HIVO West-Vlaanderen baliabide zentroaren bidez iritsiko da. Erakunde horrek ibilbide luzea egin du irakasleen etengabeko prestakuntzan. Talde horrek hainbat prestakuntza jarduera eginen ditu NHEBZren kontura, eta horien artean ezagutuko dute Nafarroako hezkuntza sistema eta Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren Eredua (DUA), eta behatzaile gisa parte hartuko dute Foru Komunitateko hainbat ikasgelatan.

Hauek dira proiektuan parte hartzen duten ikastetxeak: El Castellar ikastetxe publikoa (Villafranca); Castejóngo DBHI; San Bartolomé IP (Martzilla); Príncipe de Viana IP (Erriberri); San Miguel IP (Larraga); Álvara Álvarez IP (Faltzes); Alfonso X El Sabio IP (San Adrián); Joaquín Romera DBHI (Mendabia); San Francisco Javier IP (Mendabia); Ricardo Campano IP (Viana), Del Camino DBHI (Viana); Santa María IP (Los Arcos); Iparralde DBHI; Barañain BHI; Catalina de Foix IP (Zizur Nagusia); Erreniega (Zizur Nagusia) eta Andrés Muñoz HBI.

Informazio gehiago