Kontseiluak Eraikuntzako Produktuei buruzko Erregelamendua onetsi du. Erregelamendu horrek EBren arauak harmonizatzen ditu produktu horiek merkaturatzeko, merkatu bakarrean askatasunez zirkulatzea errazten du, administrazio karga murrizten du, eta ekonomia zirkularra eta garapen teknologikoa sustatzen ditu sektore horretan. Prozedura erabakitzailearen azken urratsa da.
Erregelamenduak eremu horretako EBren arauak eguneratzen ditu, eta normalizazioa aurrerapen tekniko berrietara egokitzeko aukera ematen du, kontsumitzaileei informazio gehiago eskainiz produktuen pasaporte digitalak sortuta eta aukera ekologikoak erraztuta. Erregelamendu berriak arau berriak hartzea errazten du, eta Batzordeari ahalmena ematen dio egoera jakin batzuetan zehaztapen komunak onesteko, ohiko normalizazio bidea blokeatuta dagoenean. Eraikuntzako produktuetarako pasaporte digitaleko sistema bat sortzea ere aurreikusten du.
Onetsitako erregelamenduak «eraikuntzako produktua»ren definizioa aldatzen du. Gainera, fabrikatzaileendako, inportatzaileendako eta operadore ekonomikoendako betebeharrak ezartzen ditu, merkatuaren zaintza eta kontsumitzaileen babesa indartuz. Aldi berean, eraikuntza obrak arautzeko eskubideak Estatuaren eskumenekoa izaten jarraitzen duela errespetatzen du.
Hurrengo etapak
Legegintzako egintza Kontseiluak onetsi ondoren onartu da.
Europako Parlamentuko eta Kontseiluko presidenteek erregelamendua sinatu ondoren, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.
Arauak egiteari buruzko Erregelamenduaren artikuluak indarrean jarri eta hilabetera aplikatuko dira. Gainerako artikuluak urtebete geroago aplikatuko dira, 92. artikulua izan ezik (zehapenei buruzkoa), Erregelamendua indarrean sartu eta bi urtera aplikatuko baita.
Testuingurua
Eraikuntzaren ekosistema EBko BPGd-aren ia % 5,5 da, eta 25 milioi pertsona ingururi ematen die lana 5 milioi enpresatan baino gehiagotan. Eraikuntzako produktuen sektoreak 430.000 enpresa ditu EBn, eta 800.000 milioi euroko negozio bolumena du, guztira. Batez ere enpresa txiki eta ertainak dira, eta funtsezko aktibo ekonomiko eta soziala dira Europako eskualde eta hirietako tokiko komunitateendako.
Eraikinek baliabideen erauzketaren eta kontsumoaren % 50 inguru eragiten dute, eta EBn urtero sortzen diren hondakin guztien % 30 baino gehiago ere bai; gainera, EBko energia kontsumoaren % 40 eta energiarekin lotutako berotegi efektuko gasen isurien % 36 eragiten dituzte.
Eraikuntzako Produktuei buruzko Erregelamendu berriak arlo horretan indarrean dagoen legeria eguneratzen du, 2011koa. Eraikuntzako Produktuei buruzko Erregelamenduaren berrikuspena Batzordeak 2022ko martxoaren 30ean aurkeztutako neurri multzoaren parte da, Diseinu Ekologikoari buruzko Erregelamenduarekin eta Ehungintzako Produktuen Zirkulartasunerako eta Jasangarritasunerako EBren Estrategiarekin batera. Neurri horiek Europako Itun Berdearen eta Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planaren parte dira.