2023an, Europar Batasunak eta bere 27 estatu kideek 28.600 milioi euroko ekarpena egin zuten klima aldaketaren aurkako borroka finantzatzeko, iturri publikoen kargura, eta, gainera, finantzaketa pribatutik 7.200 milioi euro mobilizatu zituzten, garapen bidean dauden herrialdeei berotegi efektuko gasen isuriak murrizten eta klima aldaketaren ondorioetara egokitzen laguntzeko.

Kontseiluak zenbateko hori argitaratu du, azaroaren 11tik 22ra Bakun (Azerbaijan) egiten ari den Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren Alderdien Konferentzia (CP29) prestatzen joateko. Zenbateko horien oinarria dira EBren klima aldaketaren aurkako borrokaren finantzaketari buruzko arauak, Gobernantzari buruzko Erregelamenduan jasotzen direnak.

Europako Batzordeak bildutako datuen arabera, garapen bidean dauden herrialdeei esleitu zaien klima aldaketaren aurkako borrokaren finantzaketa publikoaren erdia, gutxi gorabehera, klima aldaketara egokitzera edo zeharkako neurrietara bideratu da (besteak beste, klima aldaketa arintzeko ekimenak eta klima aldaketara egokitzekoak). Dirulaguntzen bidezko finantzaketa EBren eta estatu kideen ekarpen publikoaren proportzio garrantzitsua da (ia % 50). Aldi berean, EBk modu aktiboan bilatzen du finantza iturrien eta tresnen sorta eta horien ondorioak zabaltzea eta finantzaketa pribatu gehiago mobilizatzea, horiek guztiak tresna garrantzitsuak baitira klimaren aldeko nazioarteko ekintzari laguntzeko. Horrela, EBk garapen bidean dauden herrialdeei laguntza ematen jarraituko du, Klima Aldaketari buruzko 2015eko Parisko Akordioa aplika dezaten.

2023ko zenbatekoek berriz ere berresten dute EBk eta estatu kideek ahalegin irmoa egin dutela klima aldaketaren aurkako borroka nazioartean finantzatzen laguntzeko konpromisoak betetzen jarraitzeko, bereziki herrialde garatuen helburu kolektiboaren parte gisa (2025era arte aplikagarria), urtean 100.000 milioi dolar estatubatuar mobilizatze aldera.

Testuingurua

Aurrekontu publikoen kargura klima aldaketaren aurkako borroka finantzatzeko 28.600 milioi euroetatik 3.200 milioi EBren aurrekontutik datoz, bereziki Garapen Jasangarrirako Europako Funtsetik, eta 2.600 milioi Europako Inbertsio Bankutik. Zenbateko publiko globala kalkulatzeko, kontuan hartzen dira alde biko finantzaketa konpromisoak eta 2023an aitortutako finantzaketa aldeaniztuneko ordainketak.

7.200 milioi euroko zenbatekoa esku-hartze publikoen bidez mobilizatutako finantza laguntza pribatuari dagokio (bermeak, partzuergo baten maileguak, enpresetako zuzeneko inbertsioa, kreditu lerroak, etab.). Ez du barnean hartzen finantza laguntza pribatu hori mobilizatzeko erabilitako finantzaketa publikoko zenbatekorik.

 

Informazio gehiago