Kontseiluak gaur onetsi du, formalki, Europako ingurumen arloko kontu ekonomikoei buruzko Erregelamendu aldatua. EBko estatistika sistema komun horrek ekonomiari eta ingurumenari buruzko informazioa biltzen du.

Arau berriek Europako ingurumen arloko kontu ekonomikoen aplikazio eremua zabaltzen dute, horien barnean sartuz baso arloko kontuak, ekosistemen kontuak eta ingurumeneko dirulaguntzen kontuak.

Aldatutako erregelamenduaren xedea da Europako Itun Berderako informazio hobea ematea, EBk ingurumen arloko helburuak lortzeko egiten dituen aurrerapenen jarraipena eta ebaluazioa sustatzeko.

 

Kontuen modulu berriak

Europako ingurumen arloko kontu ekonomikoei buruzko egungo Erregelamenduak esparru komun bat ezartzen du Europako ingurumen arloko kontu ekonomikoak jasotzeko, biltzeko, transmititzeko eta ebaluatzeko. Erregelamenduak sei modulu ditu, atmosferarako isurien arloko kontuak eta ingurumen arloko zergak barne.

Estatu kideen datu egokiak eta zehatzak funtsezkoak dira, EBk Europako Itun Berdearen helburuak betetzen jarrai dezan. Horrenbestez, Erregelamendu berriak ingurumen arloko kontuen hiru modulu berri gehitu ditu, jarraipen zehatzagoa egiteko:

  • ekosistemen kontuak, ekosistemen hedadurari eta egoerari eta ekosistemetan oinarritutako aktiboek gizarteari eta ekonomiari ematen dizkieten zerbitzuei buruzko datuak ematen dituztenak;
  • baso arloko kontuak; zehazki, baso azalera eta zura ateratzeko kuota erabilgarria neurtzen dituzte, eta denboran zehar izandako aldaketak arakatzen dituzte;
  • ingurumen arloko dirulaguntzak. Europako Itun Berdea babesten duten baliabideak identifikatzen eta kuantifikatzen dituzte, jarduera eta produktu ekonomikoen bidez, ingurumena zainduz eta baliabide naturalak babestuz.

Estatu kideak 2025ean eta 2026an hasiko dira datu horiek Batzordeari (Eurostat) jakinarazten.

Datu estatistikoen ataria

Aldatutako Erregelamenduak ingurumen arloko kontu ekonomikoen datu estatistikoen atari berri bat gehitu du (adierazle estatistikoen taula). Atari horretan, kontu horien adierazle nagusiak eta datuak laburbilduko dira, erabiltzaile guztiek ulertzeko eta eskuratzeko moduan. Estatu kideek klima aldaketa arintzeko egindako inbertsioei buruzko datuak ere jasoko ditu.

Batzordeak (Eurostat) datuen ataria kudeatuko du; atari hori erabilgarri egonen da 2024ko abendutik aurrera, eta urtean behin eguneratuko da. Ataria jendearen eskura egonen da Eurostaten webgunean.

Hurrengo etapak

Onespen formal hori legegintzako prozedura arruntaren azken izapidea da. Erregelamendua Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta 20 egun iragandakoan hartuko du indarra.

Beranduenez 2024ko abenduaren 31n, eta ondoren gutxienez bi urtean behin, Eurostatek klima aldaketa arintzeari buruzko datuak eta estatistikak argitaratuko ditu, lotutako inbertsioak barne.

Erregelamendua indarrean jarri eta bi urteko epean, Batzordeak txosten bat aurkeztuko du honako gai hauei lotuta eskura dauden datuen kalitateari buruz: energiarako dirulaguntzak –erregai fosiletarako dirulaguntzak barne–, klima aldaketarako egokitzapena eta ura. Halaber, legegintza proposamen bat aurkezten ahalko du, gai horiei buruzko beste hiru modulu gehitzeko.

Testuingurua

Europako ingurumen arloko kontu ekonomikoei buruzko egungo Erregelamenduak sei modulu ditu: atmosferarako isurien arloko kontuak, jarduera ekonomikoengatiko ingurumen arloko zergak, ekonomia osoarendako material fluxuen kontuak, ingurumena babesteko gastuen kontuak, ingurumen ondasunen eta zerbitzuen sektorearen kontuak eta energiaren fluxu fisikoen kontuak.

Lehendik dauden arauek ondoren modulu berriak gehitzea aurreikusten dute, Batzordearen proposamenetatik abiatuta. 2022ko uztailaren 11n, Batzordeak proposamena egin zuen.

2022ko abenduaren 15ean, Kontseiluak negoziatzeko mandatua erabaki zuen. 2023ko abenduaren 5ean egindako hiru alderdiko elkarrizketaren eta hainbat bilera teknikoren ondoren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Erregelamenduaren behin betiko forma adostu zuten.

Informazio gehiago