Kontseiluak akordio bat lortu du, BEZari buruzko EBren arauak aro digitalarekin bateragarriak izateko neurri berriei buruz. Legegintza pakete horrek, arau berriak dituenak faktura elektronikoei, datuak denbora errealean jakinarazteari eta plataforma digitalen bidez egindako enpresa jarduerei buruz, iruzur fiskalari aurre eginen dio, enpresei lagunduko die eta digitalizazioa sustatuko du.
Honako hau adierazi zuen Mihály Varga Hungariako Ogasuneko ministroak: “Ia bi urteko negoziazioen ondoren, Kontseiluak akordio bat lortu du BEZari buruzko neurri sortaren inguruan. Trantsizio digitalerako euskarria da, eta urrats garrantzitsua EBren lehiakortasuna hobetzeko. Arau berriek BEZaren gure sistemak eguneratuko dituzte, gure ekonomien digitalizazioa islatzeko, BEZaren iruzurrari aurre egiten laguntzeko eta enpresa txikien eta zerbitzu emaile partikularren administrazio betebeharrak sinplifikatzeko. Erabakia hartu aurretik, eztabaida sakonak izan dira Hungariako Presidentetzaren zuzendaritzapean; beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu ordezkaritza guztiei ikuspegi eraikitzailea eta lan handia egiteagatik”.
Erabakia hiru egintzari buruzkoa da: zuzentarau bat, erregelamendu bat eta aplikazio erregelamendu bat. Horiek guztiak batera hartuta, aldaketak egiten dituzte BEZaren sistemaren hiru alderditan.
Arau berrien ondorioz, mugaz haraindiko eragiketetarako BEZaren jakinarazpen betebeharrak erabat digitalak izanen dira hemendik 2030era. Kasu gehienetan, lineako plataformek iraupen laburreko ostatu zerbitzuen eta bidaiarien garraio zerbitzuen BEZa ordaintzea eskatuko dute, zerbitzu emaile partikularrek BEZa fakturatzen ez dutenean. Horrek guztiak BEZerako lineako leihatila bakarrak hobetu eta handituko ditu, eta enpresek ez dute erregistro garestietara jo beharko, BEZaren ondorioetarako, jarduten duten estatu kide bakoitzean.
BEZaren jakinarazpen digitala
Kontseiluak erabaki du denbora errealeko jakinarazpen digitaleko sistema bat ezartzea BEZaren ondorioetarako, faktura elektronikoen bidezkoa. Gaur egun, enpresek EBko beste estatu kide batzuetako enpresei saldutako ondasunen eta zerbitzuen «laburpen estatuak» aurkeztu behar dizkiete zerga agintaritza nazionalei hilabete gutxiren buruan, baldin eta estau horiek produktuek zergapetzen badituzte. Horrek aukera ematen die iruzurgileei agintariek transakzio susmagarriak edo iruzurrekoak azkar detektatzeko dituzten zailtasunez baliatzeko; izan ere, datuak osatu gabe daude eta ez daude denbora errealean.
Enpresek faktura elektronikoak jaulkiko dituzte beste enpresa batzuekin mugaz haraindi egiten dituzten eragiketetarako, eta datuak automatikoki jakinaraziko dizkiote beren zerga administrazioari. Hori guztia oinarrituko da Europan kontratazio publikoaren arloko fakturazio elektronikorako jada ezarria dagoen arauan. Jarraian, zerga administrazio nazionalek sistema informatiko berri baten bidez partekatuko dituzte datuak, eta sistema horrek jarduera susmagarriak aztertuko ditu.
Estatuko esparru batek faktura elektronikoetan sartzen diren datuen kalitatea bermatuko du, eta estatu kideek malgutasuna izanen dute sistema hori gauzatzeko.
Horrela, estatu kideek informazio azkarra eta osoa izanen dute mugaz haraindiko eragiketei buruz, eta hori erabiltzen ahalko dute BEZaren iruzurrari aurre egiteko. Kontseiluak adostu du EBren sistemak indarrean egon beharko duela 2030ean, eta egungo sistema nazional guztiek elkarreragingarriak izan beharko dutela EBren sistemarekin hemendik 2035era.
BEZa plataformen ekonomiarako
Gaur egun, ostatuak alokatzeko eta bidaiariak garraiatzeko lineako zerbitzu emaile askok ez dute BEZa ordaintzen. Izan ere, enpresa txikiak edo zerbitzu emaile partikularrak (adibidez, gidari bat edo bere pisua alokatzen duen pertsona bat) izan ohi dira –normalean ez daude behartuta BEZaren ondorioetarako erregistratzera–, edo, askotan, ez dituzte ezagutzen beren betebeharrak, ezta beste estatu kide batzuetako zerga betebeharrak betetzeko arauak ere. Horren ondorioz, BEZaren kantitate handiak bildu gabe geratzen dira, eta, batzuetan, lehia desleiala sortzen da ostatu eta garraio zerbitzu klasikoen eta plataformen bidez jarduten dutenen artean. Arau berrien bidez, plataformen ekonomiako operadoreen erantzukizuna izanen da BEZa biltzea eta ordaintzea, zerbitzu emaileek ez badute beren kabuz egiten («hornitzailetzat hartzen den subjektu pasiboa» izeneko ereduaren arabera). Plataformak zuzenean bilduko du BEZa bezeroarengandik, eta zerga agintariei ordainduko die.
Kontseiluak malgutasun handiagoa eman die estatu kideei, zerga ondorioetarako zabaldu egin baitu iraupen laburreko ostatuen alokairuaren definizioa eta aukera eman baitie enpresa txiki eta ertainak (ETEak) salbuets ditzaten hornitzailetzat hartzen den subjektu pasiboari buruzko arauak betetzetik. Halaber, Kontseiluak aldi iragankor labur bat ezarri du, hornitzailetzat hartzen den subjektu pasiboari buruzko arau horiek aplikatzeko.
Leihatila bakarra BEZaren ondorioetarako erregistratzeko
Oraingoz, «leihatila bakarren» sistemari esker, enpresek EBko herrialde batetik bestera kontsumitzaileei ondasunak eta zerbitzuak saltzeagatik zor duten BEZa aitortu eta ordaintzen dute, estatu kide bateko administrazioaren bidez eta hizkuntza bakar batean. Baina berea ez den estatu kide bateko kontsumitzaileei ondasunak saldu nahi dizkieten enpresak (adibidez, estatu kide horretan kokatutako biltegi batetik edo asteko merkatu batetik) bi aldiz erregistratu behar dira oraindik, BEZaren ondorioetarako.
Horregatik, orain, arau berriek egungo «leihatila bakarren» eremua zabalduko dute, barnean har ditzan bai mugaz haraindiko zerbitzuak, bai enpresek bere estatuaz bestelako estatu kide batean kontsumitzaileari saldutako gauza jakin batzuen (hala nola elektrizitatea edo gasa) salmentak. Horren barnean sartuko da honako kasu hau: enpresak bere izakinak beste estatu kide batera eraman nahi ditu, gero zuzenean kontsumitzaileari saltzeko.
Horrela, leihatila bakar zabalduari esker, enpresa gehiagok betetzen ahalko dituzte BEZaren arloko betebeharrak, hizkuntza bakarrean dagoen online atari bakar baten bidez.
Halaber, Kontseiluak erabaki du zerbitzu emaileak ondasun edo zerbitzu baten erosleari eskualdatzea enpresen arteko transakzioetan BEZa ordaintzeko erantzukizuna, zerbitzu emailea BEZa zor den estatu kidean kokatuta ez dagoenean («subjektu pasiboaren inbertsio mekanismoa» deritzonaren arabera). Hori posible zen zenbait egoeratan, baina etorkizunean nahitaezkoa izanen da.
Batzordeak bere proposamenean egin ez bezala, Kontseiluak erabaki du lineako plataformek emandako ondasun guztietara eta ondasun propioen transferentzia guztietara ez zabaltzea hornitzailetzat hartzen den subjektu pasiboari buruzko egungo xedapena; izan ere, BEZa biltzeko erantzukizuna transakzioa errazten duen plataformari egozten dio, eta ez azpiko hornitzaileari. Horrez gain, artelanei eta antzinako gauzei buruzko arauak ez aldatzea hitzartu du.
Kontseiluak erabaki du, halaber, inportazioetarako leihatila bakarra nahitaezkoa izateko proposamena aztertzea, Batasuneko Aduana Kodea aldatzeko proposamenaren BEZari buruzko alderdien esparruan. Gaur egun, proposamen hori eztabaidatzen ari dira Kontseiluan.