Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bilera bat egin dute bizitza-luzerari, zainketei, desgaitasunari, mendekotasunari eta alor horretako beste zenbait gizarte-gairi loturiko politikak abiarazteko.
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Mª Carmen Maeztuk eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak bilera bat egin dute, beren taldeekin batera, Maeztuk zuzentzen duen departamentuaren Iruñeko egoitzan.
Bi agintariek gizarte-politiken eskumen-esparrua partekatzen dute, eta bi gobernuek orpoz orpo dihardute lankidetzan Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen proiektuetan. Lankidetza horien adibideak dira, batetik, TRANSISLAB, mugaz gaindiko living laba, landa-eremuetarako bizitza-luzerarako gizarte-berrikuntzari buruzkoa, eta, bestetik, NEXT CARE, bizitza-luzerari eta zainketei buruzko mugaz haraindiko poloa.
Melgosak eta Maeztuk, zeinek bere lantaldeekin, bizitza-luzera, zainketak, desgaitasuna, mendetasuna eta etxerik gabeko pertsonen arreta izan dituzte hizpide, bai eta inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarren planifikazio- eta arreta-politikak elkarrekin koordinatzeko aukera ere.
Bilerak zenbait proiektu eta behatoki bateratzeko ere balio izan du.