Batzordeak 380 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Europa osoan Ingurumenaren eta Klimaren aldeko Ekintzaren LIFE Programaren esparruan eginen diren 133 proiektu gehiago finantzatzeko. Zenbateko hori proiektu horiek finantzatzeko orotara behar diren 574 milioi euroen erdia baino gehiago da; gainerako inbertsioa estatu-, eskualde- eta toki-gobernuek, elkarte publiko eta pribatuek, enpresek eta gizarte zibileko erakundeek emanen dute.

LIFE proiektuen bidez, Europako Itun Berdeak klimaren, energiaren eta ingurumenaren alorrean definituriko helburu-sorta mardul bati egiten zaio ekarpena, baita Europar Batasunak hemendik 2050era bitartean neutraltasun klimatikoa lortzeko eta 2030era bitartean biodibertsitate-galera gelditzeko eta leheneratzeko helburuari ere. Aldi berean, Europaren oparotasuna bermatzen da epe luzera. Inbertsio horrek inpaktu iraunkorra izanen du gure ingurumenean eta ekonomian, bai eta europar guztien ongizatean ere. Proiektuek LIFE programaren esparru guztiak beteko dituzte. Horretarako:

  • 143 milioi euro mobilizatuko dira (horietatik 74 milioi euro EBk jarriko ditu) ekonomia zirkularra sustatzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko; 26 proiektu uraren erabilera, industriako eta etxeko hondakinak, eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizteko izanen dira, bai eta murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko enpresa-argudioak aurkezteko ere.
  •  216 milioi euro inguru bideratuko dira (EBk 144,5 milioi euroko ekarpena eginen du) natura- eta biodibertsitate-proiektuetarako, hala nola ur geza berroneratzea, itsasoko eta kostaldeko ekosistemak eta habitatak leheneratzea, eta hegaztien, intsektuen, narrastien, anfibioen eta ugaztunen kontserbazio-egoera hobetzea.
  • 110 milioi euro inguru mobilizatuko dira (EBk ia 62 milioi euroko ekarpena eginen du) klima aldaketarekiko erresilientzia sendotzeko, klima-aldaketaren efektuak arintzeko eta haren gaineko gobernantza eta informazioa bideratzeko.
  • 105 milioi euro bideratuko dira (EBk 99 milioi euroko ekarpena eginen du), energia garbiranzko trantsizio-prozesua bizkortzera bideratutako gobernantzarako eta merkatu-soluzioetarako.

Jasangarritasunari, berrikuntzari eta bizi-kalitateari laguntzeko proiektuen adibideak

Ekonomia eta bizi-kalitate zirkularragoak sustatzeko aukeratutako 26 proiektuen artean, LIFE GRAPhiREC proiektua nabarmentzen da, zeinak 7,5 milioi euroko zuzkidura baitu. Haren xedea da grafitoa birziklatzea, Italiako baterien hondakinetatik abiatuta. Aurreikuspenen arabera, 23,4 milioi euro sortuko ditu diru-sarreratan eta 25 milioi euro aurreztuko ditu ekoizpen-kostuetan. Espainiako LIFE POLITEX proiektuak 5 milioi euro inbertituko ditu, moda-industriaren ingurumen-aztarna murrizteko. Horretarako, ehun-hondakinak ehunki berri bihurtzea aurreikusten du. Kanariar Uharteetako DESALIFE proiektuak 9,8 milioi euroko zuzkidura dauka, eta erresilientzia hidrikoa babestea da haren helburua. Horretarako, ur geza produzituko du Ozeano Atlantikotik hartuta. Kanariar Uharteen parean jarritako itsas olatuetarako buiek gezatuko dute ura, eta 1.700 milioi litro ur geza ponpatuko dituzte kostaldera.

Hogeita bost proiektuk babestuko dituzte natura eta biodibertsitatea askotariko esparruetan. LIFE4AquaticWarbler eta LIFE AWOM proiektuetan, esaterako, Belgika, Alemania, Espainia, Frantzia, Lituania, Hungaria, Herbehereak, Polonia eta Portugal elkarrekin arituko dira lanean, baita Ukraina eta Senegal ere, eta, ia 24 milioi euroko aurrekontu konbinatuarekin, itsas hegazti bereziak salbatzea izanen dute xede, Europar Batasunak 2030rako ezarritako Biodibertsitate Estrategiari jarraikiz. Budapesten bultzaturiko Biodiverse City LIFE,3,6 milioi euroko proiektu bat da beste adibide bat, “naturaren eta hiri-bizimoduaren bizikidetza baketsua” sustatzea xede duena.

IMAGE LIFE eta LIFE VINOSHIELD proiektuak daude, besteak beste, klima-aldaketaren alorreko erresilientzia eta fenomeno horren ondorioak arintzea sustatzeko gaur aurkezturiko 23 egitasmoen artean. 6,8 milioi euroko aurrekontu konbinatuarekin, Espainian, Frantzian eta Italian egiten diren proiektuok mundu zabalean entzutetsuak diren mahastietara eta gazta ospetsuen produkziora bideratuak dira —Parmigiano Reggiano, Camembert de Normandie eta Roquefort—, inguruok erresistenteagoak izan daitezen muturreko fenomeno meteorologikoen inpaktuarekiko. Proiektu horien bidez, Europako nekazaritza-industriaren erantzunik onenak erakutsi nahi dira, klima-aldaketara eta ur-eskasiara egokitzeko egiten duten eginahalari dagokionez. Garrantzitsua da, orobat, LIFE BLUE 420 kV GIS proiektua ere: 6,9 milioi euroko zuzkidura duen egitasmo hori Belgikan eginen da, Siemens buru dela, eta etengailu elektrikoen berotegi-efektuko gas-emisioak murriztea izanen du xede.

Energia garbia lortzeko trantsizio-prozesua bermatzeko, gaur iragarritako 59 proiektu berrien artean, LIFE DiVirtue egitasmoa nabarmentzen da. Hiru urteko prestakuntza digitalarekin eta 1,25 milioi euroko zuzkidurarekin, gaitasunak lantzen arituko da, eraikuntzaren sektorea efizienteagoa eta berritzaileagoa izan dadin. Proiektuak, bereziki, errealitate birtuala eta errealitate areagotua erabiliko ditu ikasleei eta eraikuntzako profesionalei batere emisiorik gabeko eraikinak entregatzen eta erreformak egiten laguntzeko Bulgarian, Txekian, Grezian, Kroazian eta Errumanian. Bien bitartean, ia 10 milioi eurorekin, ENERCOM FACILITY proiektuak dirulaguntza zuzenak emanen dizkie Europa osoan sortzen ari diren 140 energia-komunitateri, energia jasangarriaren alorreko inbertsioak bultzatzeko. Energia-komunitateei negozio-ereduak garatzen laguntzen jarraituko du, eta, horretarako, prestakuntza eta gaitasunak garatzeko materialak eskainiko dizkie. Hala, epe luzera jasangarritasuna xede duten negozio-eredu erreplikagarriak bultzatuko dira.

Informazio gehiago