Ana Ollo lehendakariordeak NAGRIFOOD Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterraren proiektu horren aurkezpenean parte hartu du; proiektuak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza du
Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien sektoreak Europako Berrikuntza Sareari buruzko erreferentziako katalogo berri bat du I+G+B proiektuetarako. Katalogo hori NAGRIFOOD Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterrak aurkeztu du: “NAGRIFOOD Berrikuntza Sarea: I+G+B proiektuetarako zure erreferentziazko gida (AL-INN-EUROPE)”. Aurkezpen ekitaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean (NUP) egin da, eta bertan izan da Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria. Gidak Europar Batasuneko ikerketa, ezagutza, teknologia eta berrikuntzaren arloko erakunde garrantzitsuenak biltzen ditu, bai eta nekazaritzako elikagaien sektorean duten esperientzia eremu zehatza ere.
NAGRIFOODek sortutako katalogo hori Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin egin da, zehazki, 2024. urteari dagokion “Enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei Europar Batasuneko politikak eta estrategiak zabaltzeko emandako laguntzak” izeneko dirulaguntzaren bidez. Nekazaritzako elikagaien sektorerako gida horrek Europar Batasun osoko ikerketa zentro, zentro teknologiko eta unibertsitate publiko zein pribatuetako puntako taldeak biltzen ditu. Gainera, 13 kategoria hautatu dira entitate horiek sailkatzeko eta katalogoan errazago nabigatzeko. Horrela, bilaketa erraza egiten ahal da, kontsultatzen duen pertsona bakoitzaren interesen arabera (herrialdea, kategoria, etab.).