Maeztu kontseilariak Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzan parte hartu du. Jardunaldia Eskualdeen eta Hirien 22. Astearen barruan egin da

Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzaren lan saioan parte hartu du Bruselan; Nafarroa da horren presidentea gaur egun.  Jardunaldia Eskualdeen eta Hirien 22. Astearen programazioaren esparruan egin da, eta balio izan du Aliantzako eskualdeek berriro partekatzeko eskualdeen erronka komunak eta lurralde desberdinetan abiarazitako politikak, Europako automobilgintza industriaren trantsizio eta eraldaketa prozesuari arrakastaz aurre egiteko.

Maeztu kontseilariak Thomas Schmidtekin batera ireki du jardunaldia. Thomas Schmidt Saxoniako ministroa eta Eskualdeetako Komiteko automobilgintza taldeko burua da. Mintegiaren ardatz nagusiak izan dira talentu gaztea sektorera erakartzea eta automobilgintzaren industrian dagoen eskulanaren birkualifikazioa sustatu beharra. Alde horretatik, Maeztu kontseilariak jakitera eman du Nafarroa LHren alde egiten ari den apustua, eta nabarmendu duenez, “Foru Komunitatea Lanbide Heziketan inbertitzen ari da, ezinbesteko prestakuntza ardatza baita mugikortasunaren sektorearen etorkizunerako. Berariazko lanbide profilak sortzen ari gara, enpresen beharretara egokitzen direnak, haien erronkei erantzuten dietenak eta etorkizuneko eskakizunetarako prestatuak daudenak. Goranzko ibilbidea dugu mugikortasun elektrikoan espezializatutako talentuaren prestakuntzan, eta horrek epe laburrean lehiakortasun eta lan aukera handiagoak izateko oinarriak ezartzen ditu”.

“Nafarroan, oro har, industria tradizioa eta, bereziki, automobilgintzari lotua berrikuntzarekin, aplikazio teknologikoarekin eta etorkizuneko prestakuntzarako ikuspegiarekin uztartzen jakin dugu. 500 ikasle baino gehiago ari dira aurten automobilgintzarekin lotutako prestakuntza jasotzen. Automobilgintzaren arloko 6 prestakuntza ziklo ditugu, hainbat lanbide aplikazio dituztenak, eta horiekin trebakuntza tekniko espezifikoak lortzen dira, ibilgailu hibridoekin eta elektrikoekin ere lotura espezifikoa duten sektoreko arloetan”, azaldu du.

Maeztu kontseilariak adierazi duenez, gainera, “lau berrikuntza proiektu ditugu, punta-puntakoak, eta sektorea hobetzeko eta ezagutzeko ekimen ugari, besteak beste, ikasleak eta irakasleak teknologia hibridoan prestatzeko, kutsadura txikiko erregai alternatiboak erabiltzen dituzten motorrak alderatzen eta probatzen aurrera egiteko, ibilgailuen errealitate teknologikoa ikasgelara hurbiltzeko sistemen diagnosi gidatua egiteko, bai eta gure automobilgintza enpresen dinamiketara bideratutako espezializazio ikastaroen programazio espezializatu osagarria ere. Beraz, etorkizuneko profesionalak prestatzen ari gara, ikuspegi espezifiko batekin, Nafarroako, Espainiako eta Europako ekonomiarako funtsezkoa den sektore batean”.

Era berean, Maeztuk gogorarazi duenez, “garrantzitsua da gaur egungo langileak, jada industrian aritzen direnak, prestatzearen eta birkualifikatzearen aldeko apustua egiten jarraitzea, eta gaitasunen dibertsifikazioa eta gaikuntza lortzea ardatz estrategiko gisa, pertsonak kontuan hartu behar dituen sektorearen trantsizio arrakastatsua bermatzeko”.

Jardunaldi horretan, Maeztu kontseilariak adierazi du Nafarroa Mugikortasun Elektrikoaren Agenda betetzen ari dela; agenda horrek kenkari fiskalak ditu ibilgailu elektrikoak eta kargatzeko azpiegiturak erosteko. “Aurreikusitako inbertsio egutegia betetzen ari gara, eta lider gara, Espainiako beste erkidego batzuekin alderatuta”, adierazi du. Alde horretatik, jakinarazi du Nafarroan saltzen diren 10 ibilgailutatik 6 hibridoak eta elektrikoak direla. “Ibilgailuen matrikulazioen % 12 auto elektrikoetatik datoz, eta horrek Estatuko batezbestekoa hirukoizten du”, azaldu du. Gainera, kontseilariak adierazi duenez, “auto elektrikoak Nafarroako VW lantegitik irteteak herrialde osoari lagunduko dio pertsona gehiagok ibilgailu elektrikoa erabiltzen”.

Automobilgintzaren industria sektorearen eskaerak eta beharrak berrikusi ondoren, Maeztu kontseilariak nabarmendu du Nafarroarendako funtsezkoa dela sektore publikoaren eta pribatuaren arteko sinergiak izatea, besteak beste: klusterrak, zentro teknologiko espezializatuak eta berrikuntza poloak; trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako pizgarri fiskalak; ibilgailu elektrikoak eta jasangarriak eskuratzeko laguntzak; sinplifikazio administratiboa; eta Lanbide Heziketa Duala eta berrindustrializatzeko eta birmoldatzeko prozesuak sustatzea.

Informazio gehiago