Europako Batzordeak bi erregelamendu proposamen egin ditu pasaporteak eta nortasun agiriak digitalizatzeko, Schengengo esparrura eta Schengengo esparrutik bidaiatzen duten pertsonendako. Esparru komun bat izanen da, bidaiaren kredentzial digitalak eta EU Digital Travel aplikazioa erabiltzeko. Azken horren bidez, bidaiariek kredentzial horiek sortu eta gordeko dituzte, mugen arteko kontrolak arintzeko, joan-etorri arinagoak lortzeko, eta, aldi berean, segurtasuna bermatzeko.

Bidaiaren kredentzial digitalak, telefono mugikorrean eta EU Digital Travel aplikazioan –hori abian jarri ondoren– gordetzen ahal direnak pasaporteetan eta nortasun agirietan dauden datuen bertsio digitala dira. Erabilera borondatezkoa eta doakoa izanen litzateke.

Europako Batzordearen erregelamendu proposamenaren arabera, bidaiaren dokumentu digitalek mugaz haraindiko kontrol aurreratua ahalbidetuko dute, eta horrek mugak arinago eta azkarrago igarotzea erraztuko die bai EBko herritarrei, bai hirugarren herrialdeetakoei, eta agintariei beren denbora eta baliabideak optimizatzea ahalbidetuko die. Era berean, bidaiaren kredentzial digitalei esker, errazagoa izanen da agintariendako dokumentuen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

Agiri horiek, halaber, zirkulazio askatasuna erraztuko dute eta burokrazia murriztuko dute. Estatu kideek baimentzen ahalko dute biztanleek horiek erabiltzea, erregistratzeko eta identifikatzeko; adibidez, bizilekua Europar Batasuneko beste herrialde batean ezartzeko edo identifikazio elektronikoko sistemetara sartzeko.

Informazio gehiago