Proiektuak Erriberako ur-hornidura Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasearekin lotzeko ernamuin gisa balio du.
Erriberako 15 udalerrik 3.550.439 euroko dirulaguntza jasoko dute, uraren zikloa digitalizatzeko PERTEren bigarren deialdian emana. Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako NILSA sozietate publikoa buru duen proiektua nazio mailan aurkeztutako proposamen askoren artean hautatu da, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuko da.
Proiektuak, Nafarroako Erriberako Ur Digitala (ADNRa) izenekoak, Tutera, Fontellas, Cabanillas, Fustiñana, Castejon, Corella, Barillas, Ablitas, Monteagudo, Tulebras, Murchante, Ribaforada, Buñuel, Valtierra eta Arguedas udalerrietan egiten diren jarduketak biltzen ditu. Herri horiek Tuterako Uren Udal Batzordearen, Moncayoko Uren Mankomunitatearen edo, zuzenean, bakoitzaren alkatetzaren bidez biltzen dira.
Gaur goizeko aurkezpenean, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesús Mari Rodríguezek azaldu duenez, “PERTE honek martxan jarri du ura altan kudeatzen duten lau entitateren gobernantza-eredua, 15 udalerri barnean hartzen dituena. Nafarroako ubidera iristeko ernamuin gisa balio izatea nahi dugu; izan ere, azpiegitura hori oso garrantzitsua da, eta, iristen denean, Erriberako uraren arloko gobernantza-eredua aldatuko du, ur gehiago eta kalitate handiagokoa emanez, eta, nolabait, gaur egun Erriberan dauden hornidura-sistema guztiak elkarrekin konektatzeko balioko du “. Bere hitzaldian, zuzendari nagusiak, gainera, azpimarratu du “PERTE honek helburu bat izan behar duela berez: orain Nafarroako eremu honek duen ur-hornidura indartzea, sendotasun eta erresilientzia handiagoa ematea, eta hori digitalizaziotik eta Nafarroako Ubidearen etorreratik pasatzen da”.
Aurkezpenean Fernando Mendoza NILSAko gerenteak, Tirso Calvo Aguas del Moncayoko Mankomunitateko presidenteak, Tuterako Uren Udal Batzarrak, Valtierrako eta Arguedasko alkateek eta Fustiñanako hirigintza zinegotziak ere parte hartu dute.
Proiektuak, 2026ko ekainera arte jarduketak gauzatzea aurreikusten duenak, Erriberako uraren ziklo integralaren gobernantza hobetzea du helburu, herritarren eraginkortasuna eta sentsibilizazioa sustatuz uraren erabileraren jardunbide egokien inguruan, klima-aldaketara egokitzeko eta arintzeko esparru baten barruan. Prozesuak digitalizatzea izango da esku-hartzeen ardatz nagusia, eta, horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lehorteari aurre egiteko larrialdi-planak; kontsumorako uraren kalitatea zaindu eta kudeatzeko protokoloak; saneamenduaren kudeaketa integralerako planak; birsortutako uraren erabilera sustatzea; uholdeei aurre egiteko babes zibileko planak; ihesei eta eraginkortasunari buruzko azterlanak; ura hartzeko, hornitzeko eta arazteko azpiegiturak; energia-sistema eraginkorragoak ezartzea; edo tresna digitalak eta komunikaziokoak garatzea.
Arrakasta berri hori uraren PERTEren lehen deialdiari gehitu behar zaio. Deialdi horretan, Nafarroa ere hautatu zuten NILSA buru duen “Agua Digital Navarra” (ADNa) proiektuaren bidez, 7,99 milioi euroko dirulaguntza lortu baitzuen. Orduan, Montejurrako eta Iruñerriko mankomunitateek parte hartu zuten.
Erakundeen arteko lankidetza eta lurraldearekiko konpromisoa
Nafarroako Gobernuak konprometituta jarraitzen du Europako funtsak biltzearekin eta toki entitateekin lankidetzan aritzearekin, baliabide hidrikoen erabilera arduratsua eta eraginkorra sustatzeko, hori funtsezkoa baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Ahalegin horrek indartu egiten du Foru Gobernuak modernizazioaren eta digitalizazioaren alde egindako apustua. Horiek funtsezkoak dira uraren kudeaketaren eraginkortasunerako eta iraunkortasunerako, eta, horrela, garapen ekonomiko eta sozial erresilienteagoa lortzen laguntzen du.