Eurodiputatuek mila milioi euro baino gehiago ematea onetsi dute EBko Elkartasun Funtsaren laguntza gisa, 2023an izandako uholde larrien ondorioz EBko bost herrialdetan suspertze ahaleginak bultzatzeko.
Europar Batasuneko Elkartasun Funtsaren (FSUE) 1.028.541.689 euroko laguntza honela banatuko da:
- Italia: 378,8 milioi euro Emilia-Romagna eskualderako, 2023ko maiatzean uholdeek eragindako kalteen ondorioz, eta 67,8 milioi euro gehiago Toscana eskualderako, 2023ko urriko eta azaroko uholdeen ondorioz.
- Eslovenia: 428,4 milioi euro, 2023ko abuztuko uholdeen ondorioei aurre egiteko.
- Austria: 5,2 milioi euro, 2023ko abuztutik aurrera uholdeek eragindako kalteak estaltzen laguntzeko.
- Grezia: 101,5 milioi euro, 2023ko iraileko uholdeen ondoren suspertzeko ahaleginak babesteko.
- Frantzia: 46,7 milioi euro, Hauts-de-France eskualdeak 2023ko azaroan jasandako uholdeek eragindako kalteengatik.
FSUEren laguntzak larrialdiko eta suspertzeko eragiketen kostuen zati bat estaliko du, kaltetutako azpiegiturak konpontzea, kultura ondarea babestea eta garbiketa lanak egitea barne.
Eurodiputatuek beren “elkartasun sakonena” adierazi dute Italian, Eslovenian, Austrian, Grezian eta Frantzian izandako uholde suntsitzaileek eragindako biktima, familia eta pertsona guztiekin, bai eta laguntza eskaini duten nazioko, eskualdeko eta tokiko agintaritzekin ere”. “Europan gero eta hondamendi natural larri eta suntsitzaile gehiago” daudela adierazi dute, eta uste dute “FSUEren aurrekontua edo horren baliokidea zabaldu egin beharko litzatekeela, Batzordeak urte anitzeko finantza esparru berriari buruz eginen duen proposamena kontuan hartuta”.
Irizpena onetsi zen aldeko 632 botorekin, kontrako 1ekin eta 3 abstentziorekin.
Informazio gehiago dago hemen (Batzordearen proposamena) eta Georgios Aftias hizlariak (Europako Alderdi Popularra, Grezia) prestatutako Europako Parlamentuaren txostenean. Ikusi politikariak osoko bilkuran egindako hitzaldia esteka honetan.