Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzaren topaketa batean, María Chivitek “eskualde-espezifikotasuna” duen Europako proiektu komun baten aldeko apustua egin du. Nafarroako lehendakariak “konpromiso politikoa, instituzionala eta aurrekontuzkoa” eskatu die gaur Europako erakundeei, automobilgintzaren sektorea igarotzen ari den trantsizio-unea dela eta. Lehendakariak Europako Parlamentuan (Bruselan) egin du erreklamazio hori, Automobilgintzako Europako Eskualdeen Aliantzaren (AEA) gosari politiko batean. Gainera, “eskualdeen espezifikotasuna inoiz bistatik galduko ez duen” Europako proiektu komun baten aldeko apustua azpimarratu du.
Lehendakariak nabarmendu du Europako proiektuaren kohesioa ez dela “bateraezina espezifikotasunarekin”, eta baieztatu du ezen hurbiletik soluzio zehatzagoak eman daitezkeela “mugikortasun elektrikorantz trantsizioa egiteko”.
Bere hitzaldian, Chivitek nabarmendu du mundua industria-iraultza berri baten aurrean dagoela, eta Europak lidergoa hartu behar duela trantsizio industrial digital, berde eta berritzaile bat egiteko, kalitatezko enplegua sortuko duena eta ongi posizionatuko dena zenbait sektore estrategikotan, hala nola automobilgintzan. Lehendakariak, halaber, deia egin du “inor atzean ez uzteko”, bereziki erreferentzia eginez mugikortasun elektriko berriaren ondorioz desagertuko diren piezak fabrikatzen dituzten langileei.
Orobat, adierazi du mugikortasun berriak eta trantsizio berdeak lotura estua dutela prezioarekin, fidagarritasunarekin, kalitatearekin, kargatzeko azpiegituren eskuragarritasunarekin eta ziurtasunarekin. “Zalantzek erosteko asmo oro kentzen dute, eta, beraz, industriari ere kalte egiten diote”, azpimarratu du lehendakariak. “Konfiantza sortzeko unea da; industriarekin, prestakuntzarekin, enpleguarekin eta merkatuarekin lotutako esparru guztietatik ekiteko unea da, baita esparru politikotik ere”.
Ildo horretan, lehendakariak adierazi du Europak arlo horretan duen helburu komuna izan behar dela “automobilgintzaren industria indartzea, enpleguari eustea eta balio-kate osoa tresnaz hornitzea, etorkizun ziurreko trantsizioa justu bat egiteko”. Helburu hori erdiesteko, erakundeen, automobilgintzaren sektorearen eta herritarren arteko lankidetza publiko-pribatua abian jartzeko beharra azpimarratu du Chivitek. Eta, Europako herritarren zereginari dagokionez, lehendakariak honako hau gaineratu du: “Gizarteak ez badu abagune hau baliatzen, ez dugu lortuko trantsizioa arrakastaz gauzatzea”. Horrenbestez, “herritarren bidelagun izatearen” eta “herritarrei ohiturak eta bizimoldea aldatzen laguntzearen” garrantzia azpimarratu du.
Zehazki, aipatu du zuzeneko laguntzak, MOVES planean ezarritakoak kasu, ez direla kontsumitzaileari laguntzeko modu bakarra, eta zerga-arintzeak ere aplika daitezkeela, Nafarroan egiten den moduan.
Lehendakariak azpimarratu duenez, gaur egun Europa “mundu osoan nahasia den egoera bat ari da bizitzen; gerrekin, goraka doan desinformazioarekin… Desinformazio horrek ezegonkortu egin nahi du gure proiektua, hots, Europa demokratiko eta baketsua lortzea, aurrera eginen duena eta eztabaidetan ez ezik politiketan ere buru izanen dena”. Europako proiektua “inoiz baino gehiago” aldarrikatu behar dela azaldu du, eta hori “hitzekin ez ezik, ekintzekin, erabakitasunez eta ausardiaz, orainaren eta etorkizunaren ikuspegi oso argiarekin eta ongi zehaztutako ibilbide-orri batekin” egin behar dela gaineratu du.
Automobilgintzaren industria duten eskualdeen arteko aliantza
Automobilgintzako Europako Eskualdeen Aliantza (AEA) Eskualdeetako Komitearen ekimen bat da. Europako 36 eskualdek osatzen dute aliantza hori, eta guztira Espainiako bost eskualde daude bertan (Espainia da aliantza horretan eskualde gehien duen herrialdea). Nafarroak, gainera, erakunde horren presidentetza du 2023tik.
Taldearen lehen batzarra 2022an egin zen, Leipzigen (Alemania). Bigarrena 2023ko azaroan egin zen, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian, eta hirugarrena Italiako Lombardia eskualdean eginen da. Une horretatik aurrera Lombardiak hartuko du Aliantzaren presidentetza.
Gaur Bruselan egindako gosarian, eskualdeek duten eginkizun erabakigarria azpimarratu du lehendakariak. Eskualdeak “Europaren bihotza” direla esan du, haiek eraikitzen baitute Europa, hurbiltasunetik eta espezifikotasunetik, eta beren aniztasunaren aberastasunetik. Horri dagokionez, Chivitek gaineratu du ezen eskualde industrializatuek bereziki izan behar dutela erantzunaren eta estrategiaren parte, eta Europak aurrean duen erronka industrialaren soluzioak “maila anitzekoa” izan behar duela.
Nafarroaren paper industriala
Lehendakariak, abagunea baliatuz, Nafarroak industria-sektorean duen posizio ona nabarmendu du, eta adierazi du ezen Foru Komunitatea dela Lanbide Heziketan % 100eko enplegagarritasuna lortu duten Europako hiru eskualdeetako bat, eta mugikortasun elektrikoan liderra dela Espainian. Gaineratu du Nafarroa Europako ehun eskualde berritzaileenen artean dagoela. Orobat, Nafarroa emakumeen lorpenengatik nabarmentzen dela, eta energia berriztagarrien esparruan ere “puntako eskualdea” dela adierazi du lehendakariak.
Aurrerapen horiek guztiak “industriaren, prestakuntzaren, birkualifikazioaren, zentro teknologikoen, elkarrizketa sozialaren, laguntza ekonomiko eta fiskalen eta azpiegituretan egindako inbertsioaren artean sortu den ekosistemari” esker ezarri direla azaldu du lehendakariak. Chivitek eskua luzatu die Nafarroa eredutzat har dezaketen beste eskualde batzuei, eta prest agertu da “behar den tokian” azaltzeko “zer egiten dugun, nola egiten dugun eta norantz goazen”.
Esparru horren barruan, Nafarroak industria-sektorerako plan bat duela ere adierazi nahi izan du lehendakariak. Plan horren barruan industriarako espezifikoa izanen den etorkizuneko Foru Legea nabarmendu du. Araudi hori bere esparruan “puntakoa” izanen dela adierazi du.
Lehendakariak, orobat, Volkswagen taldeak Nafarroan duen egoera aipatu du, eta “dagokion eraldaketa ongi egiten ari dela” azpimarratu du. Eraldaketa horretarako, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du, eta Chivitek inbertsio hori “Nafarroan historikoa” dela esan du.
María Chivitek, bestalde, lasaitasuna helarazi nahi izan du, eta adierazi du Volkswagen Alemaniaren itxierek ez dutela Nafarroa zipriztinduko, Foru Komunitatearen elektrifikazio-proiektua konpainiak Iberiar Penintsularako duen planaren barruan sartzen delako. Plan horretan, gainera, Katalunia, Valentzia eta Portugalgo eskualde bat ere tartean izanen direla esan du. “Plangintza behar bezala ari da gauzatzen”, adierazi du, eta dei egin du “pizgarriak ematen jarraitzeko, ibilgailu elektrikoen erosketa erakargarria izan dadin eta kontsumitzaileak ibilgailu horiek erosten jarrai dezan”.
Bilera Automobilgintzako Taldearteko presidentearekin
Gosari politikoaren ondotik, Chivite lehendakariak bilera bat izan du Eskualdeetako Komiteko Automobilgintzako Taldearteko (CoRAI) presidente eta Saxoniako Eskualde Garapenerako estatu-idazkari Thomas Schmidt-ekin. Bilera horretan, lagun izan du Sergio Pérez Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia.
CoRAI 2009ko apirilean sortu zen, eta hamar estatu kidetako eskubide osoko 25 kide ditu: Austria, Alemania, Finlandia, Hungaria, Italia, Polonia, Errumania, Eslovakia eta Espainia. Nafarroa 2019tik dago talde horretan.
Bileran, Nafarroaren eta Saxonia eskualdearen arteko antzekotasunak aztertu ditu lehendakariak, eta adierazi du automobilgintzaren sektoreak ezarpen handia duen bi eskualde direla, ekonomikoki oso garatuak eta I+G+Bn inbertsio handia egiten dutenak.
Topaldi horretan, Chivitek eta Schmidt-ek mugikortasun jasangarrirako eredu bat lortzeko soluzio egokienei buruz hitz egin dute, eta adostu dute gutun bat bidaltzea Teresa Ribera Batzordearen barruan Lehiakortasunaren zorroa beteko duen Europako hurrengo komisarioari, gai horiei buruzko eztabaida batean parte hartzeko gonbita egiteko.