Batera finantzatutako proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: adingabeen familia-harrerarako programak, laneratzeko ibilbide integralak edo hezkuntza-arloko gaitasun digitalen inguruko prestakuntza.

Europako Batzordeko, Espainiako Gobernuko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak Iruñean bildu dira gaur, Nafarroako 2021-2027 Europako Gizarte Funtsa Plus (FSE+) Programaren Jarraipen Batzordearen beste bilkura batean.

Bileran parte hartu dute, besteak beste, Europako Batzordeko FSE+ programako arduradunek, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko FSE+ Unitate Administratzaileko arduradunek eta Nafarroako Gobernuko Enpresa Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiko arduradunek, bai eta programan sartutako jarduerak kudeatzen dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuetako arduradunek eta Foru Komunitateko solaskide ekonomiko eta sozialen ordezkaritza batek ere.

Programa horrek 22.067.311 euro ekarriko ditu Foru Komunitatera datozen urteetan. Laguntza gehiena jasotzen duten jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: adingabeen familia-harreraren eremuko neurriak, laneratzeko ibilbide integralak (gizarte-enplegu babestua) edo gaitasun digitalei buruzko prestakuntza.

Adingabeei harrera egiten laguntzeko neurrien artean, familian esku hartzeko programa espezializatu bat sortuko da. Programa hori adingabea bere bizilekutik banantzeko neurririk behar ez den egoeretara bideratuta egongo da. Hala ere, familiei hainbat baliabide eskainiko zaizkie guraso-funtzioak betetzeko orduan gaitzeko eta adingabeek jatorrizko familiekin ahalik eta denbora gehien iraun dezaten laguntzeko, eta, ezinezkoa bada, egoitza-harrera saihesteko eta familia-harrera bultzatzeko.

Enpleguari begira, gizarte-enplegu babestuko programa bat finantzatuko da, gizarte-laguntza handia barne hartzen duena, prestakuntzarekin batera, gizarteratze aktiboa sustatzeko eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden eta babestu gabeko lanpostuak lortzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko.

Azkenik, beste inbertsio nabarmenetako bat gaitasun digitalen gaineko prestakuntza da. Horretarako, adimen artifizialari zuzendutako eskola-aste bat sortu da, ikasleei eta hezkuntza-esparruarekin lotutako beste kolektibo batzuei zuzendutako prestakuntza-zerbitzu bat, adimen artifizialarekin lotutako dibulgazio-, prestakuntza- eta eztabaida-jarduerak biltzen dituena.

 

Info gehiago