Foru Erkidegoak 71,1 puntu lortu ditu Emakumeen Lorpenaren Indizean. Europako Batzordeak egindako adierazle horrek Europar Batasuneko 235 eskualderen genero-berdintasunaren egoera alderatzen du.
Sailkapen horren arabera, Nafarroa Europako eskualdeen 26. postuan dago emakumeek berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei dagokienez. Europako iparraldean bezala, berdintasunean lorpen handienak izan dituzten eskualdeen taldean dago, azterketa honetan 70 puntu baino gehiago lortu baitituzte.
Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak aurkeztu ditu Analisi eta Prospekzio Bulegoak aztertutako adierazle horren emaitzak, Txerra García de Eulate bulego horretako zuzendari kudeatzailearekin eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) zuzendari kudeatzailearekin batera.
Europako konparazioak adierazten du Nafarroa Europar Batasuna osatzen duten 27 herrialdeen batez bestekoa (57,5 puntu) baino 13,6 puntu gorago dagoela. Espainia osoarekin alderatuta, estatuko batez bestekoa baino 8,2 puntu handiagoa da, 62,9 puntukoa baita berdintasunaren arloan lortutako lorpenei dagokienez.
0tik 100era bitarteko eskalan islatzen den indize horren kalkulua 33 adierazletan oinarritzen da. Adierazle horiek puntuatu egiten dituzte emakumeek genero-berdintasunari dagokionez zazpi eremutan lortzen dituzten lorpenak eta desabantailak: lana eta dirua, ezagutza, denbora, boterea, osasuna, segurtasuna, babesa eta konfiantza, eta bizi-kalitatea. Hori kalkulatzeko, estatistika ofizialak eta pertsonen pertzepzioetan oinarritutako adierazleak erabiltzen dira. Azken eguneratzea 2021ean egin zen.
Berdintasunaren arloko lorpenei buruzko gogoeta orokorrak
Indizearen arabera, emakumeek lorpen gehiago lortzen dituzte eta genero-desabantaila gutxiago dituzte eskualde garatuenetan, hau da, emaitza ekonomiko onak, giza garapena eta kalitate oneko gobernua dituzten eskualdeetan. Aitzitik, emakumeek aurreikuspen mugatuagoak dituzte gutxien garatutako eskualdeetan. Emaitza onenak hiriburuen inguruan dauden eskualdeetan ere lortzen dira.
Aipatzekoa da EBko biztanleriaren ia erdia emaitzarik onenak dituzten eskualdeetan bizi dela. Eskualde horiek batez ere Europako ipar-mendebaldean eta Espainian daude.
Emakumeen lorpenen maila altuena duen Europako eskualdea Helsinki-Uusimaa da, Finlandian. Aldiz, baxuena Errumanian dago, Sed-Est eskualdean.
Nafarroan lortutako berdintasun-aurrerapenak, eremuen arabera
Eremu desberdinen azterketaren arabera, Nafarroa dago autonomia-erkidegoen artean lehen postuan genero-berdintasunari dagokionez emakumeek lortutako lorpen eta abantailei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Errioxaren aurretik, bereziki aipagarriak diren aurrerapenekin Osasunaren eta Boterearen dimentsioetan, eta hobetzeko tarte handiagoarekin Ezagutzaren, Lanaren eta Diruaren dimentsioetan.
Osasun-egoerari eta osasun-zerbitzuetarako sarbideari dagokienez, Foru Erkidegoak 90,5 puntu lortu ditu, eta bigarren postuan dago Kantabriaren atzetik eta Madrilekin berdinduta. Nabarmentzekoa da Espainia 27-EBko lehen postuan dagoela arlo horretako lorpenei dagokienez, 87,1 puntuko batez bestekoarekin.