Batzordeak Xri jakinarazi dio zein den bere aurretiazko iritzia; bere ustez, Xk Zerbitzu Digitalen Legea urratzen du patroi ilunekin, publizitate gardentasunarekin eta ikertzaileek datuak eskuratzearekin lotutako eremuetan.
Zerbitzu Digitalen Legearen muina dira gardentasuna eta kontuak ematea, edukien moderazioari eta publizitateari dagokienez. Batzordeak oinarri hartu du ikerketa sakon bat, barnean hartu zituena, besteak beste, enpresaren barne dokumentuen azterketa, adituekin egindako elkarrizketak eta zerbitzu digitalen koordinatzaile nazionalekiko lankidetza. Ondoren, Batzordeak ez-betetzeen aurretiazko egiaztapenak egin ditu, hiru erreklamaziorekin lotuta:
- Lehenik eta behin, Xk «kontu egiaztatuetarako» interfazea diseinatu eta ustiatzen du «kontrol marka urdinarekin», halako moduan non ez baitator bat sektorearen jardunarekin eta erabiltzaileak engainatzen baititu. Edonork egoera “egiaztatu” hori lortzeko harpidetza egiten ahal duenez, eragin negatiboa du erabiltzaileek kontuen benetakotasunari buruzko erabaki aske eta informatuak hartzeko duten gaitasunean eta elkarreragiteko erabiltzen duten edukian. Froga batzuen arabera, asmo txarreko agente motibatuek «kontu egiaztatua»z abusatzen dute, erabiltzaileak engainatzeko.
- Bigarrenez, Xk ez du errespetatzen publizitatearen arloan eskatzen den gardentasuna, ez baitu eskaintzen publizitate iragarkien gordailu fidagarri eta irisgarririk; aitzitik, diseinurako ezaugarriak eta sartzeko oztopoak ezartzen ditu, eta, horien ondorioz, gordailua ez da egokia erabiltzaileekiko gardentasunaren helbururako. Bereziki, diseinuak ez du aukerarik ematen lineako publizitatea banatzearen ondorioz sortzen diren arriskuak gainbegiratzeko eta ikertzeko.
- Hirugarrenez, Xk ez die bere datu publikoetarako sarbiderik ematen ikertzaileei, eta, beraz, Zerbitzu Digitalen Legean ezarritako baldintzak urratzen ditu. Bereziki, Xk debekatu egiten die ikertzaile hautagarriei bere datu publikoak modu independentean eskuratzea, adibidez, karrakatuz, zerbitzu baldintzetan adierazten den bezala. Gainera, badirudi Xk ikertzaile hautagarriei aplikazioen programazioaren interfazerako (API) sarbidea emateko duen prozesuak ikertzaileei kentzen diela beren ikerketa proiektuak gauzatzeko asmoa edo neurriz kanpoko tasa handiak ordaintzera behartzen dituela.