Chivite presidenteak 2030 Agendaren papera aldarrikatu du NBEren aurrean, “mende honetako erronken aurrean indartzeko”

Nafarroako Foru Erkidegoak Espainiak NBEren aurrean egin duen Borondatezko Azterketa Nazionalean parte hartu du, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) lorpenean egindako aurrerapena ebaluatzeko.

Gobernu zentralak gonbidatu du, markatutako ibilbide-orria betetzen gehien aurreratu duena delako eta gobernantza maila handia duelako. Euskadirekin eta Flandesekin batera, Nafarroa Europako eskualde garrantzitsuenetako bat da gai honetan. Hitzordu horren harira, Foru Gobernuak 17 GIHen betetze-mailari buruzko diagnostikoa egin du, 2023ko informazioa erreferentziatzat hartuta.

Aztertutako datu baseak 283 adierazle ditu eta egungo egoera duela hamahiru urtekoarekin alderatzen du. Ondorioz, Nafarroak okerrera egin du lau helburutan, bostetan hobetu du eta gainerakoetan ez dago daturik eguneratuta. Zehazki, komunitateak hobera egin du laugarren GJHan, “Kalitatezko hezkuntzan”, parekotasun indizeetan eta hezkidetzan. Hala ere, pobrezia eta desberdintasun tasek okerrera egin dute. Azterketa horren harira, aurreratuenak izan arren, “Berandu goaz” eta “2030erako proposatutako helmugatik oso urrun gaude”, onartu du Foru Gobernuak.

Liderrak 2030 Agendaren helburuak lortzeko bidean

Presidenteak bere hitzaldian adierazi du autonomia-erkidegoek abantaila handia dutela 2030 Agenda hedatzeko, harreman estuagoa baitute 2030 Agendak eragin nahi dituen eremuekin. “Ekintza hurbiltasunak gure politikak gure lurraldeen beharretara egokitzea ahalbidetzen digu”, adierazi du. Zentzu horretan, “Globala dena tokikotik jorratu” behar dela defendatu du Chivitek.

Maria Chivitek, halaber, Nafarroa GJHen lorpenean Erkidego nabarmen bihurtzen duten elementuak errepasatu ditu, hala nola, berdintasunean oinarritutako hezkuntzarako Skolae programa abian jartzea, klima aldaketara egokitzeko politikak edo Errenta Bermatuaren programa. “Pobrezia eta desberdintasun maila txikiena duen herrialdea gara. Bizi-kalitate hobea dugun lekuetan ere bai. Horregatik, garapen jasangarriaren helburuak onartzea naturala izan da gure herriarentzat “.

Maria Chivitek aipatutako beste puntu bat Nafarroak Foru Erkidegoan GJHen ezarpena ebaluatzeko erabiltzen duen adierazleen sistema izan da. Presidenteak azpimarratu duenez, sistema hori “gardentasunarekin eta kontuak ematearekin dugun konpromisoaren isla da”, eta Europako Batzordeak hautatu du Batasun osora estrapolatzeko. Azkenik, 2030 Agendarekin “herri gisa dugun konpromisoa” berretsi du presidenteak. “Bere espiritua Nafarroako DNAren parte da”, esan du Chivitek.

Espainiako ordezkaritza bateko kide gisa egindako agerraldian, Foru Erkidegoko presidenteak Teresa Ribera Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa eta Pablo Bustinduy Eskubide Sozialak, Kontsumoa eta Agenda 2030 ministroa izan ditu lagun.

Nafarroak okerrera egin duen adierazleen artean pobrezia desagerraraztea dago. 2023. urtearen amaieran, pobreziako edo gizarte-bazterketako arriskuan zegoen biztanleriaren ehunekoa % 17 ingurukoa zen. Chivitek adierazi duenez, azken urteetako krisiek eragina izan dute datu horietan. Zaurgarrienentzako laguntza publikoak defendatu ditu sozialistak, “Funtzionatzen dutelako”. 2022ko azarotik, Nafarroak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kudeatzen du, Errenta Bermatuaz gain. Iaz, 16.000 familiak baino gehiagok jaso zuten.

Chivitek aitortu duenez, Foru Gobernuak huts egin du 2030 Agendari buruzko “pedagogia” egiterakoan. “Egia da aurreko legegintzaldian covid-ak markatu zuela eta barne-lan handia egin genuela, teknikoagoa, baina helburu horiek herritarrei helaraztea alde batera utzi genuen”, esan du Chivitek. Hori da hemendik aurrerako helburua.

2024an, Alianza Navarra 2030

Nafarroak 2030 Agendan hasi zuen bere bidea, Nafarroako Parlamentuaren aginduz, 2016an, Nazio Batuen Erakundeak tresna horren sorrera onartu eta urtebetera. 2017an Departamentuen arteko Batzordea osatu zen Foru Gobernuaren barruan, eta 2023an Nafarroa Jasangarria 2030 Estrategia onartu zen, abiapuntua aztertu eta jarraitu beharreko bidea zehazten duen dokumentua.

2024an beste urrats bat emango da 2030erako Aliantza Nafarrarekin, gizarte zibila ere tartean sartzeko helburuarekin. Ildo horretan, Nafarroa izango da GJHen aldeko aliantza bat osatuko duen lehen lurraldea.

Info gehio