Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak parte hartu du “Europako Klima Itunaren enbaxadoreen” topaketan; Valentziako Erakusketa Jauregian egin da, trantsizio berdearen erronkei eta aukerei buruz mintzatzeko, bai eta tokiko ekintzaren garrantziari buruz hitz egiteko ere. Gainera, jorratu da eskualdeen arteko lankidetza bultzatzeko beharra, elkarrekin ekiteko klima aldaketaren erronkei eta eredu jasangarriago baterako trantsizioari.
“Tokiko ekintzari eta Europako Klima Itunari buruzko hausnarketa” izenburupean mahai-ingurua egin da, eta Jose Segarra izan da moderatzailea; bertan Irujo kontseilariak berretsi du “egungo sistema zikina, ez-eraginkorra eta garestia dela”. Zikina da, planeta hiltzen ari garelako. Ez da eraginkorra, gure kontinentetik kanpo dauden lehengaien guztiz menpeko egiten gaituelako, eta garestia da, esate baterako, Nafarroan gastatzen ditugun hamar eurotik bat hidrokarburoak eta gasa erosteko erabiltzen dugulako.
Gainera, Irujok, zeina baita Europako Klima Itunaren 900 enbaxadoreetako bat, azpimarratu du “garrantzitsua dela subiranotasun energetikoa izatea eta beharrezkoa dela trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra azkartzea, planetarekin batera bizitzeko eta gure industria lehiakorra izateko”.
Klimaren aldeko Europako Itunak funtsezko eginkizuna dauka Europako Itun Berdea erabat ezartzeko; haren helburua da plataforma inklusibo eta ireki bat sortzea, klimaren eta ingurumenaren aldeko ekintzan herritarrak eta komunitateak inplikatzeko. Era berean, haren enbaxadoreek funtsezko zeregina dute Estatu osoan ingurumenaren arloko Europako politikak zabaltzeko, bai herritarren mailan, bai erakundeen eta komunikabideen mailan ere.