Batzordeak iragarri du zer emaitza izan dituen “Europako Unibertsitateak” ekimenerako 2024ko Erasmus+ deialdiak, zeinaren bidez goi-mailako irakaskuntzako erakundeen arteko itunak babesten baitira. Gaurko emaitzek erakusten dutenez, aldez aurretik hautatutako 50 itunez gain, Europako unibertsitateen 14 itun gehiago izanen dira, eta gehienez 14,4 milioi euro jasoko du bakoitzak lau urteko epean.

Europako unibertsitateen 64 itun horien barnean goi-mailako hezkuntzako 560 erakunde baino gehiago daude, mota guztietakoak eta Europako eskualde guztietakoak.

Emaitzek mugarri garrantzitsu bat ezarri dute unibertsitateendako Europako estrategiaren helburua lortzeko: gutxienez Europako unibertsitateen 60 itun izatea eta horietan 500 unibertsitatek baino gehiagok parte hartzea 2024ko erdialdean.

Europako unibertsitateen itunek europarren belaunaldi berri bat biltzen dute, eta Europako beste herrialde batzuetan ikastea eta lan egitea ahalbidetzen dute, hainbat hizkuntzatan, sektoretan eta diziplina akademikotan. Ikasleek goi-mailako titulu bat lortu dezakete ikasketak Europako zenbait herrialdetan egiten badituzte; horrek Europako goi-mailako irakaskuntza lehiakorragoa eta erakargarriagoa egiten du nazioartean. Itunek, halaber, berrikuntza ekartzen diete Europako eskualdeei, ikasleek aukera baitute akademikoekin, ikertzaileekin, enpresekin, hiriekin, agintariekin eta gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan aritzeko.

Informazio gehiago