EBk behin betiko urratsa egin du Energiaren Gutunari buruzko Tratatua uzteko; izan ere, merkataritza- eta inbertsio-itun multilateral hori, energiaren sektoreari aplikatzen zaiona, ez da bateragarria EBk klimari eta energiari dagokienez dituen helburuekin, Europako Itun Berdean eta Parisko Akordioan ezarritakoari jarraikiz.
Kontseiluak eta Batzordeak idatzizko bi jakinarazpen bidali dizkiote Portugalgo Gobernuari, hura baita Tratatuaren gordailuzain ofiziala, jakinarazteko Europar Batasuna eta Euratom Tratatutik aterako direla. Horrek urtebeteren buruan izanen ditu ondorioak. Batzordeak proposatu zuen aldi berean Tratatutik ateratzeko eta hura modernizatzen jarraitzeko, eta joan den hilean EBko Energia ministroek akordio bat erdietsi zuten gai horri buruz. Akordio horren ondorioz egin dira jakinarazpen horiek.
Europar Batasunak eta estatu kideek ere akordio formal bat lortu dute bertan behera uzteko Energiaren Gutunari buruzko Tratatuari jarraikiz Batasunaren barnean abiarazitako arbitraje-prozedurak, Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkakoak direnak. Zehazki, akordio horren bidez argitu nahi da Energiaren Gutunari buruzko Tratatuan ezarritako arbitraje-klausula ez dela aplikatzen (eta ez dela inoiz aplikatu) EBko inbertitzaile baten eta EBko herrialde baten arteko harremanetan, auzitegi judizialen eta arbitraje-auzitegien mesedetan.