Irailaren 17ra arte irekita egonen da Europako Batzordeak NEB Facility-ren lehentasunak definitzeko egin duen kontsulta. Izan ere, horixe da 2025etik 2027rako Europako Bauhaus Berriaren aurrekontuari laguntzeko urte anitzeko lehen tresna. Erreminta hori aukera estrategiko eta aitzindaria da Europako auzoak eraldatzeko eta biziberritzeko, jasangarritasuna eta inklusioa bultzatuko dituen diseinu bati jarraituz.

Europako Bauhaus Berriak (NEB) gizartearen eraldaketa erraztu eta gidatu nahi du, hiru balio kontuan hartuz: jasangarritasuna (barnean hartzen ditu helburu klimatikoak, zirkulartasuna, zero kutsadura eta biodibertsitatea); estetika eta kalitatea (funtzionaltasunetik haratago joanez); eta inklusioa (aniztasuna balioestea, eta irisgarritasuna eta eskuragarritasuna bermatzea).

NEB Facility-k –Horizonte Europa 2025-2027 Plan Estrategikoan ezarritako EBren finantzaketa tresna bakarrak– Europako auzoetan konponbide berritzaileak inplementatzeko ziklo osoa estaltzen du, bi osagai konbinatuz: ikerketa eta berrikuntzaren osagaia eta inplementazioaren osagaia.

Kontsultaren xedea da informazioa biltzea bai tokian tokiko behar espezifikoei buruz, bai auzoak osorik eraldatzeko beharrezkoak diren ideia berritzaileei buruz. Horrek Europako Batzordeari lagunduko dio 2025-2027 aldian mekanismoa inplementatzeko ibilbide orria garatzen.