Europako Batzordeak pozik hartu du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilua berritzeko eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzeko akordioa. Urrats garrantzitsua da: aspaldiko kezka bati heltzen dio, eta hobetu egiten du Espainiako botere judizialaren egoera.
2024ko urtarrilean, Batzordeak elkarrizketa egituratu bat errazteko eginkizuna onartu zuen, helburu gisa harturik aplika zitezela 2022ko eta 2023ko Zuzenbide Estatuari buruzko Txostenetan jasotako gomendioak, Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluari loturik. Hauxe dio gomendioak:
“Botere Judizialaren Kontseilua lehentasunez berritzea eta, berritu bezain pronto, kontseilu horretako kide diren epaileak izendatzeko prozesua egokitzea, kontuan hartuta botere judizialaren kontseiluei buruzko Europako arauek diotena”.
Hiru bilera egin dituzte Félix Bolaños jaunak eta Esteban González Pons jaunak, Reynders komisarioarekin batera. Gaur Jourová presidenteordearekin bildu dira bi alderdiak, eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilua berritzeko eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzeko akordioa sinatu dute haren aurrean.