Eskaerak aurkezteko epea ostegun honetan amaituko da (ekainak 27)

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak 240.000 euro bideratuko ditu —2024ko eta 2025eko ekitaldien barnean—, Europako egitasmoetarako proiektu-kudeatzaileak eta laguntza-sustatzaileak kontratatzeko dirulaguntzen deialdi berrira.

Laguntza eskatzeko, Nafarroako Gobernuaren fitxa bete behar da, eta ostegunean (ekainak 27) amaituko da epea.

Laguntza horien bidez, 2021-2027 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruko Europako funts gehiago erakarri nahi dira Foru Komunitatera; era berean, hobetu egin nahi dira aurkeztutako proposamenen arrakasta-tasak, eta, hala, 2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren helburu nagusietako bat lortzen lagundu. Nafarroan egoitza fiskala duten enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek eskatzen ahal dituzte laguntzak.

Diruz lagunduko da Europako proiektuetarako sustatzaileen eta kudeatzaileen kontratazioa. Pertsona horiek eginkizun hauek izanen dituzte: proiektu-ideia bat sortzea, ideia hori txertatzen duten programak eta deialdiak monitorizatzea eta identifikatzea, egitasmoarekin atxikiko diren kideak edo proposamenak bilatzea, eta aurkeztutako proposamenen jarraipena eta ebaluazioa egitea proiektuak irauten duen bitartean.

Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da kontratazio bakoitzeko, eta kontratuak baldintza hauek bete beharko ditu: gutxienez 12 hilabetez irautea eta lanaldi osokoa izatea, deialdia argitaratzen den egunetik dirulaguntza jakinarazi eta bi hilabetera bitarteko data izatea, eta urteko gutxieneko soldata gordina 32.000 eurokoa izatea. Gaur egun entitatearekin kontratu-harremanik ez duten pertsonak izan beharko dira.

Jarduera horren bidez, Europako funtsen kudeaketan kualifikatutako lanbide-profil berriak txertatzea lortuko da, bai enpresa-sarean, bai I+G+Bko Nafarroako Sistemako (SINAI) eta beste erakunde batzuetako eragileetan.

Neurri hori jasota dago 2021-2024ko aldirako Kanpo Ekintzako I. Planaren barnean, eta, zehazki 1. ardatzean (Nafarroa Europan). Plan horren helburua da Nafarroak Europan aktiboki parte hartzea, Eskualdeen Europako Batzordearen edo Europako Batzordearen bidez. Horretaz gainera, helburu du Nafarroako eragileek Europako proiektuetan parte-hartze handiagoa izan dezaten sustatzea, eta, ildo horretan, bat egiten du beste ekintza batzuekin, hala nola Europa+Cerca izeneko misioarekin, Europako sare estrategikoetan posizionatzeko ADITECHekin sinaturiko hitzarmenarekin, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) formalizaturiko hitzarmenarekin, Europako proiektuen kudeatzaileak prestatzeko (aurten bosgarren edizioa beteko du, eta irailaren 5ean hasiko da).