Gaur argitaratu da nazioarteko merkataritzari buruzko hirugarren Eurobarometroa, eta, haren arabera, hamar europarretik seik uste dute nazioarteko merkataritzatik onura ateratzen dutela. Horrek esan nahi du igoera izan dela 2019an egindako azken inkestatik.
Inkestaren arabera, europarrek balioesten dituzte nazioarteko merkataritzak dakartzan onurak, hala nola kontsumitzaileendako eskaintza zabalagoa eta produktu merkeagoak izatea. Gainera, EBk munduko merkataritzan duen zereginak babes handia du, interes handia ematen zaio merkataritzako politika baliatzeari onura sozial zabalagoak lortzeko, eta tentsio geopolitikoen ondoriozko betebehar estrategikoen gaineko kontzientzia kritikoa dago. Askok babesten dute Europar Batasunak zeregin nagusia izatea estatu kideen interesak negoziatzen eta babesten: europarren % 74k uste dute EB eraginkorragoa dela estatu kideen merkataritza-interesak babesten, estatu bakoitza bere aldetik ariko balitz baino.
Gainera, Europar Batasuneko herritarren % 82k uste dute nazioarteko merkataritza-arauak behar ditugula baldintza-berdintasunari eusteko. Halaber, jendeak konfiantza nabarmen handiagoa du EBren merkataritza-politikaren gardentasunean eta irekitasunean, eta, horrek iradokitzen duenez, europar gero eta gehiagok uste dute EB gai dela arduraz jokatzeko munduko merkataritza-egoera gero eta konplexuagoan.
Halaber, kontsumitzaileei galdetu zaie zergatik den garrantzitsua EBk merkataritza-politika erabiltzea, eta, emandako erantzunen arabera, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeekiko merkataritza sustatzeaz gain, gehienek uste dute osasuna eta segurtasuna lehentasun absolutuak direla. Izan ere, herritarrek espero dute EBko merkataritza-politikak osasuna (% 35), estatuetako segurtasuna (% 27) eta teknologia sentikorrak (% 18) ere babestea. Joera horrek erakusten duenez, europarrak konturatzen dira merkataritzak garrantzia duela segurtasun ekonomiko zabalagoa lortzeko, eta askok babesten dute EBren merkataritza-politikaren funtsezko helburua asertibotasuna izatea. Eurobarometroaren emaitzak oinarritzat hartuko dira EBren merkataritza-politikaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko Batzorde berriaren gidaritzapean.