Batzordeak 110 milioi euro baino gehiagoko funtsak onetsi ditu Madril eta Sevilla arteko abiadura handiko trenbidea berritzeko eta garraio-sistema adimentsuagoa, jasangarriagoa eta efizienteagoa bilakatzeko. Funts horiek Eskualde Garapeneko Europako Funtsean (EGEF) dute jatorria.

Laguntza honi esker, trenbidearen 471 km-etatik 435,2 km hobetuko dira, lineak Europako trenbide-elkarreragingarritasuneko arauak bete ditzan (trenbide-sarea segurua, fidagarria eta irisgarria izanen da horrela), baita Europa barneko garraio-sarean (RTE-T) ezarritako baldintzak ere.

Elisa Ferreirak, Kohesio eta Erreformen komisarioak, honako hau adierazi du: «Hiriarteko trenbideko garraioa aukera erakargarriagoa izan beharko litzateke bidaiarientzat, batez ere garraiobide ekologikoagoa delako. Kohesio-politikaren laguntza honi esker, azken elkarreragingarritasun-zehaztapenetara egokitzen ahalko da trenbidea, trenbide-sistema efizienteagoa eta integratuagoa bilakatzeko eta bidea errazteko Europa guztian trenbide-sare eta -konexio modernizatuak izan daitezen. Horrela, Espainiako jarduera ekonomikoa ere bultzatuko da, eta berotegi-efektuko gasen emisioak gutxituko dira».

Kalitate orokorra, fidagarritasuna eta zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko, berritze-lan hauek eginen dira, besteak beste: errei eta bagoi zaharkituak ordeztea, zubiak eta tunelak hobetzea eta drainatze-sistemak egokitzea. Linearen funtzionamendurako behar diren eraikinak eta instalazioak modernizatuko dira, eta sartzeko errepideak hobetuko dira.

Halaber, espero da zerbitzuaren erakargarritasuna hobetzearen ondorioz errepideko eta aireko garraiotik trenaren bidezko garraiora igarotzea, eta horrek lagunduko du berotegi-efektuko gasen isuriak gutxitzen.

EBk Espainian finantzatzen dituen proiektuei buruz gehiago jakiteko, bisitatu Kohesio webgunea eta kohesioari buruzko datu irekien plataforma.

Informazio gehiago