Batzordeak Europako Eguzki Akademia jarri du abian, Zero Emisio Garbiko Industriari buruzko Legeari jarraikiz sortuko diren EBko akademietako lehena, zero emisio garbiko teknologien balio kateetan behar diren gaitasunak izateko. NZIA akademien zeregina da industriarekin batera ikaskuntza edukiak eta programak garatzea, balio kateak gaitasun eta langile nahikoak izanen dituela bermatzeko.

Kalkulatzen da, soilik eguzki energia fotovoltaikoaren manufaktura sektorean, 66.000 langile kualifikatu inguru beharko direla hemendik 2030era, EBk energia berriztagarrien arloan dituen asmo handiko helburuak bete ditzan, eta, aldi berean, industriaren lehiakortasuna berma dezan. Eguzki Akademiaren helburua da datozen hiru urteetan eguzki energia fotovoltaikoaren balio kateko 100.000 langile prestatzea, sektoreko langileen eta gaitasunen egungo defizitari aurre egiteko.

2022an Baterien Europako Akademia jarri zen abian, baterien balio kateari laguntzeko asmoz, eta horren eredu arrakastatsuari jarraikiz, Eguzki Akademiak eduki didaktikoak diseinatuko ditu, eguzki energia fotovoltaikoaren industriarekin eta balio katearen alderdi eskudunekin batera.  Eguzki Akademiak ikaskuntza kredentzialak ere garatuko ditu, pertsonek haren prestakuntza ikastaroetan eskuratutako gaitasunak ziurtatzeko, eta, horrela, langileen mugikortasuna ere sustatuko du merkatu bakar osoan. Programak tokiko bazkideen bidez hedatzen dira. Lanbide heziketako eta hezkuntzako hornitzaileak, enpresak, unibertsitateak edo beste hezkuntza eta prestakuntza hornitzaile batzuk izaten ahal dira, Akademiarekin kontratua sinatu dutenak haren programak gauzatzeko.

Batzordeak babesten du Europako Eguzki Akademia martxan jartzea, eta Merkatu Bakarrari buruzko Programatik datozen 9 milioi euro esleitu dizkio. Berrikuntza eta Teknologiarako Europako Institutuak (EIT) gauzatuko du proiektua, EIT Innoenergy jakintza eta berrikuntza komunitatearen bidez.

Akademia hori da Batzordeak proposatu duen azken ekimena, EBk, Europako Itun Berdearen eta REPowerEU Planaren esparruan, bere helburu handinahiak lortzeko egiten dituen ahaleginak babesteko, eta, aldi berean, mundu mailan industria erresilientea eta lehiakorra izatea bermatuko du.

Informazio gehiago