Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimen bat da, errefuxiatuen gizarteratzea bultzatu nahi duena
Esan bezala, “Playing for Refuge” txapelketaren helburua da errefuxiatuak kirolaren bidez gizarteratzea, eta lehiaketaren finala ekainaren 23an, igandea, izan zen, 17:00etatik aurrera, Amaya Kirol Hiriko beisbol zelaian. Ekitaldia Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren eta Europar Batasunaren artean finantzatu zen. Bertan, musika eta cateringa egon ziren, eta bateaz jotzeko tunel puzgarri bat instalatu zen.
“Playing for Refuge” programa pilotua 2022an jarri zen abian. Beisbol inklusiboko jarduerak eta errefuxiatuen eta harrera komunitatearen arteko bizikidetza parte-hartzailerako eta sozialerako espazioak biltzen ditu, eta asmoa da ekimena beste kirol batzuen bidez errepikatzea. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak garatu du, Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioarekin, Gurutze Gorriarekin eta CEARekin batera, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuarekin lankidetzan. Hasiera-hasieratik, programak hainbat jarduera garatu ditu, besteak beste, haurrentzako eta helduentzako prestakuntza jarduerak, arbitro edo beisboleko ofizial izateko errefuxiatuentzako lanbide prestakuntza eta familientzako jardunaldiak.
Ekintza horietako bat da, hain zuzen ere, “Playing for Refuge” txapelketa. Pasa den igandean, hilaren 23an, amaitu zen, eta 6 sofbol taldek parte hartu zuten (horietako bat, Los Cardinales, errefuxiatuez osatua), arratsaldean zehar lehiatu zirenak. Zehazki, 16:15ean jokatu zen txapelketaren lehen finala; 17:30ean bigarrena, Los Cardinales eta Arga Frogs artekoa, eta kirol materiala zozkatu zen, bertaratutakoen artean; 17:45ean askari bat egin zen; 19:00etan finalaren ohorezko sakea egin zen; eta 19:15ean finala izan zen. Sariak 20:30ean eman ziren.