Basque Circular Summit izena du ekonomia zirkularrari buruzko Europa hegoaldeko ekitaldirik handienak, eta berriz ere ospatuko da heldu den urtean. 2025eko apirilaren 2an, 3an ea 4an izanen da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta industriaren eta ingurumenaren arloko profesionalak eta espezialistak bilduko ditu, kontinente guztikoak, aztertzeko zer ondorio izaten ari diren Europar Batasunean eredu zirkular bateranzko trantsizioa dela-eta.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (IHOBE) antolatzen du ekitaldia, eta helburua izanen da aztertzea zer erronka eta aukera ekartzen dizkien ekonomia zirkularrak Euskadiko enpresei eta sare sozioekonomiko guztiari, eta egindako lanari balioa ematea, jarduketa berriak egiteko inspirazioa izan dadin. Gainera, bertaratuek eztabaidarako aukera ezin hobea izanen dute hausnartzeko zer negozio-aukera dauden eta nola hobetzen ahal den enpresen lehiakortasuna ekonomia-eredu berri honetan.

Basque Circular Summit delakoaren edizio berriak balioko du erakusteko Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela enpresei eta Euskadiko eragile sozioekonomiko guztiei laguntza emateko, ekonomia zirkularraren eredu berri bateranzko trantsizio ezinbestekoan. Halaber, aztertuko da zer aurrerapen egin diren legeak eta arauak garatzen, eta zer berritasun izan diren azken urte hauetan ekonomia zirkularraren arloan, Europako Itun Berdearen esparruan.

Euskal enpresak jada aldaketaren buru izaten ari dira; hortaz, Basque Circular Summit delakoan ekonomia zirkularrean egindako lana eta izandako emaitzak erakusten ahalko dituzte. Enpresek lan hori bakarka egiten dute, edo lankidetza publiko-pribatuko ekimenen bidez, halakoak abian jarri baitira  Euskadiko 2030erako Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren esparruan: Basque Ecodesign Center, Euskadiko ETE Zirkularra eta Basque Ecoinnovation. Gainera, ekitaldiak nazioartean duen proiekzioari esker, aukera paregabea izanen da Euskadi ikusarazteko eta nazioartean nabarmentzeko abangoardian dagoela ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzeko orduan.

 

Trantsizioa sustatzen jarraitzeko eta zirkulartasunaren alde egiteko, topaketak zenbait irizpide eta ekintzarako gako emanen dizkie euskal enpresei, erakunde publikoei, toki-erakundeei, eremu akademikoari eta herritarrei.

Informazio gehiago