Batzordeak orientabide politikoak eskaintzen dizkie Europar Batasuneko estatuei, Europako Seihilekoaren 2024ko udaberriko paketearen esparruan, ekonomia sendoa eraiki dezaten eta hura etorkizunerako prestatu dezaten, lehiakortasuna, erresilientzia eta guztion oparotasuna bermatzeko epe luzera eta, aldi berean, finantza publikoak onbideratuta edukitzeko, ingurune geopolitiko zail batean.

Europar Batasunak aurrera begirako urratsak eman nahi ditu, mundu-mailan dituen lehiakortasuna, oparotasuna eta lidergoa epe luzera hobetzeko eta autonomia estrategiko irekia indartzeko. Europar Batasunak eta estatu kideek aktibo sendoak dituzte, baina EBk aurrerantzean ere aurre eginen die lehiakortasuna oztopatzen duten egiturazko erronkei, produktibitatea gehiago hazi dadin, inbertsioa sendoagoa izan dadin eta eskulanaren eta kualifikazioen eskasiari irtenbidea eman dakion.

Horretarako, eremu politiko guztietan integraturiko planteamendua behar da: egonkortasun makroekonomikoa, eta ingurumen-jasangarritasuna, produktibitatea eta ekitatea sustatzea. Europako Seihilekoak koordinazio politiko hori ematen du, eta, hala, besteak beste, NextGenerationEU aplikatzen du (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da haren funtsezko elementua), baita kohesio-politikako programak ere. Europako Seihilekoaren zikloak, halaber, informazio eguneratua ematen du Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko egin diren aurrerapenen gainean, eta inbertsio-lehentasunak zehazten ditu kohesio-politikaren tarteko berrikuspenera begira.

Informazio gehiago