Europako Batzordeak María Antonia Martínez Luengo “Estatistika Makroekonomikoen zuzendari” izendatu du, Batzordearen Estatistikako Zuzendaritza Nagusian (EUROSTAT) ari dadin. Zuzendaritza horrek Europari buruzko kalitate handiko estatistikak eta datuak ematen ditu, Europar Batasuneko estatuetan estatistikaren arloan eskumena duten agintaritzekin lankidetzan, eta estatistikari buruzko Europar Batasuneko legeria guztia proposatzen du. Hurrengo fase batean zehaztuko da noiz hartuko duen indarra.

Martínez Luengo andreak espainiar nazionalitatea du, eta kudeaketan aritu da urte luzez: ia 30 urteko esperientzia profesionala du ekonomia kuantitatiboaren eta eragiketa estatistikoen arloan. Funtsezko estatistika-eremuetan lidergorako eta kudeaketa estrategikorako gaitasun sendoa du, eta eskarmentu handia estatistikak eta datuak zabaltzeko eta komunikatzeko kudeaketan.

2015eko irailetik, Martínez Luengo da Kontu Nazionalen Departamentuko zuzendaria, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) zuzendaritza-kontseiluko kidea ere bada. Bere karreraren aurreko fase batean, EINeko Kontu Ekonomikoetako eta Enpleguko zuzendariorde ere izan zen.

María Antonia Martínez Luengo ikertzaile eta irakasle elkartu gisa hasi zen, estatistika eta probabilitatea irakasten Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Fakultatean. Ekonomia Aplikatuko doktorea da.