Batzordeak Europar Batasuneko 151 eskualde identifikatu ditu eskualdeko berrikuntza-haran izateko, Europako Berrikuntza Agenda Berriaren barnean. Eskualdeko berrikuntza-haranetan, Europa guztiko eskualdeak biltzen dira, berrikuntza-maila desberdinekoak, eta horko berrikuntza-agente nagusiak tartean sartzen dira. Hala, helburua da eskualdeetako berrikuntza-ekosistemak indartzea, Europan berrikuntza-arloko arrakala txikitzea eta Europak berrikuntzaren arloan duen errendimendu globala hobetzea.
Europar Batasunak 116 milioi euro emanen ditu ekimen honetarako, Europa Horizonteko Europako Berrikuntza Ekosistemak izeneko programaren, EBren ikerketarako eta berrikuntzarako programaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren Berrikuntzako Eskualdeen arteko Inbertsioen Tresnaren bitartez. Eskualdeko berrikuntza-haran bilakatzeko bidean dira garapen- eta berrikuntza-maila desberdineko 72 eskualde, dirulaguntzetarako hitzarmenak sinatzeko zain.
Eskualde horiek konpromisoa hartu dute berrikuntzaren arloko politikak eta inbertsioak indartzeko eta arreta EBren erronketan jartzeko, Europako Berrikuntza Agenda Berrian ezartzen den gisan. Besteak beste, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea sustatuko da, munduko elikadura-segurtasuna handitzea, eraldaketa digitala menderatzea (zibersegurtasuna barne), osasun-laguntza hobetzea eta zirkulartasuna areagotzea.
Interes-adierazpenen deialdi baten ondoren, beste 79 eskualde identifikatu dira, eskualdeko berrikuntza-haran izaten ahalko direnak. Horretarako, konpromisoa hartu beharko dute berrikuntzaren arloko inbertsio eta politiken koordinazioa eta zuzendaritza hobetzeko, eskualdeen arteko lankidetzan aritzeko berrikuntza gehiago garatu dadin, eta eskualdeko berrikuntza-ekosistemak konektatzeko.
Finantzaketaz gain, Batzordeak bestelako laguntza ere emanen die eskualde horiei: komunitateak sortzeko jarduerak, harremanetan jartzeko ekintzak eta komunikazio-ekintza espezifikoak eginen dira.