Hiriaren Biki Digitala da, datuak, zerbitzuak eta azpiegiturak bilduko dituena, eta Europako Next Generation funtsek finantzatzen dute haren garapena

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarrekin lan eginen dute, Iruñearen lehen lurralde biki digitala abian jartzeko. Lurralde biki digitala leku jakin baten (kasu honetan, Iruñearen) erreplika digital bat da, datu geoespazialak, azpiegiturei eta sistemei buruzko informazioa eta datu sozioekonomikoak bilduko dituena. Irudikapen digital horrek aukera ematen du agertoki desberdinak simulatzeko eta aztertzeko, baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko, helburua izanda hiri plangintza, mugikortasuna, larrialdien kudeaketa eta lurralde garapenarekin lotutako beste alderdi batzuk hobetzea. Proiektuaren koordinazio teknikoa Tracasa Instrumental enpresa publikoaren esku egonen da.

Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, “Biki digitaletan oinarritutako ekintzailetza eta berrikuntza ekosistemak azeleratzea (AEEIGD)” ekimena garatzeko. Ekimen horrek Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa jaso du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez. Iruñean lurralde biki digital bat ezartzea beste urrats bat da, administrazio publikoak zerbitzu publiko digitalen plataforma bihurtzeko. Datuak, teknologiaren erabilera eta zerbitzu digitaletarako sarbidea funtsezkoak dira lurralde bakoitzaren hazkunde ekonomiko eta soziala bermatzeko.

Informazio gehiago