Nafarroak gida batean bildu ditu arlo desberdinetan klima-aldaketara egokitzeko bederatzi kasu arrakastatsu, eta astelehen honetan aurkeztu ditu, Ingurumenaren arloko Agintarien Sareak gaur eta bihar Iruñean eginen dituen bi jardunaldietako lehenbizikoan. Zenbait autonomia-erkidegotako berrogeita hamar aditu eta arduradun baino gehiago izan dira, ingurumenaren, energiaren eta Europako funtsen arloetakoak.

Ingurumenaren arloko Agintarien Sarea foro bat da, eta haren bidez lankidetzan aritzen eta koordinatzen dira zenbait eragile: ingurumenaren, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ardura duten agintariak, eta Europako funtsak programatzeko eta kudeatzeko ardura duten agintariak, erkidegoetakoak nahiz estatukoak. Sare horren azken topaketan egin da aurkezpen hau.

Europako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari esker, modu integratuan ezartzen ahal da Nafarroa klima-aldaketara egokitzeko estrategia. Proiektu estrategikoa eta zeharkakoa da, eta funtsezko elementua da Nafarroa klima-aldaketara egokitzeko neurriak antolatu eta abian jartzeko. Halaber, tresna baliagarria da Klima-aldaketaren Ibilbide-orriak (KLINA) ezarritako helburuak bete daitezen ingurune naturalean, landa-ingurunean eta hiri-ingurunean.

2018an hasi zen, eta 2025era arte egonen da martxan. 15,6 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta haren % 60 Europar Batasunak finantzatu du LIFE programaren bidez.

Informazio gehiago