Batzordeak abian jarri du erradikalizazioa prebenitzeko EBko ezagutza-zentro berria. Zentro hori Erradikalizazioaren aurrean Sentsibilizatzeko Sarearen arrakastan oinarritzen da. Sare horrek lagundu du sentsibilizazioa areagotzen eta informazioa trukatzen profesionalen artean (2011tik) eta arduradun politikoen artean (2021etik).

Ezagutza-zentroak orain ekintza-eremu zabalagoa izanen du, sentsibilizazioaz harago. Europar Batasuneko estatuei eta herrialde elkartuei laguntza emanen die, politikak eta estrategiak garatu eta aplikatu ditzaten partekaturiko ezagutza eta esperientzietan oinarrituta. Adibidez, zentroak gaikako taldeak antolatzen lagunduko du, prebentzioko adituek elkarrekin lan egin dezaten lehentasunezko gaietan; estatu kideek eginiko proiektuetan oinarritzen diren lankidetzak sustatuko ditu; eta askotariko ekintzak antolatuko ditu: tailerrak, ikasketa-bisitak, neurrira egindako laguntza-zerbitzuak, prestakuntza-ikastaroak, lanpostuko tutoretza eta behaketa, eta ikerketa eta analisi prospektiboak. Horrela, arduradun politikoak, profesionalak eta ikertzaileak gauza izanen dira Europar Batasunaren eskalan lankidetzan aritzeko, orain baino hobeki, erradikalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko.

Erradikalizazioa prebenitzea da eraso terroristak prebenitzeko lehen urratsa.

Bere agintaldian zehar, Batzordeak ahalegina egin du estatu kideei laguntza emateko, eduki terrorista eta kaltegarriak bistaratzea zailtze aldera eta erradikalizazioa prebenitze aldera, online ingurunean nahiz hortik kanpo. Europar Batasunean terrorismoaren aurka borrokatzeko 2020ko agendan jaso zen Europar Batasunean erradikalizazioa prebenitzeko ezagutza-zentro bat sortzea. Zentro horrek, halaber, lagunduko du Eduki terroristak online zabaltzearen aurka borrokatzeko Erregelamendua aplikatzen (2022ko ekainetik aplikatu behar da), eta Interneti buruzko Europar Batasuneko Foroaren lana erraztuko du.