Dagoeneko hasi dira aplikatzen EBren arau berriak, datu publiko gehiago eskuragarri jartzeari buruzkoak, datu horiek berrerabili ahal izateko. «Balio handiko datu multzo» horiek Datu Irekiei buruzko Zuzentarauan ezarritako gaikako sei arlori buruzko informazioa dute: geoespazioa, lurraren eta ingurumenaren behaketa, meteorologia, estatistika, enpresak eta mugikortasuna.
Arau berriek onura sozial eta ekonomiko garrantzitsuak eragiten ahal dituzte, produktu berriak eta zerbitzu berritzaileak bultzatzen baitituzte, hala nola adimen artifizialeko aplikazioak. Meteorologiaren arloan, balio handiko datu multzoak erabiltzen ahal dira, adibidez, iragarpen meteorologiko hobeak eta horiekin lotutako aplikazioak sortzeko. Nekazaritza enpresek satelite bidezko irudiak, datu meteorologikoak eta lurzoruaren osasunari buruzko informazioa baliatzen ahalko dituzte doitasunezko nekazaritza teknikak aplikatzeko, horrela errendimendua handituta eta hondakinak murriztuta.
Europako datuen atari ofiziala da datu irekiak eskuratzeko baliabiderik zabalena. EBko erakundeen eta agentzien eta estatu kideen 1,7 milioi datu multzo baino gehiago biltzen ditu. Balio handiko datu multzoak doan egonen dira eskuragarri, makinaz irakurtzeko moduko formatu batean, aplikazioak programatzeko interfaze baten bidez (API) eta, hala badagokio, deskarga masibo gisa.